URTERO bezala, Akelarrea izango da gaur arratsaldean San Joan suaren aurretik. Gazte Asanbladak eta Akelarreko taldeak antolatuta 150 lagun inguruk hartuko dute parte. Iaz baino gehiagok. Irteera arratsaldeko 19:00etan izango da Paraderotik eta herriko kaleetan barrena Sorgin dantza dantzatuz, Plazara iritsiko dira arratsaldeko 20:00etarako. Segidan antzerkia egingo dute inkisizioa bizi izan zen garaia gogora ekarriz. Inkisizioarena aspaldiko kontua izan arren, badira gaur egun ere salatzeko hainbat gertakari taldekideen ustez, eta gaurkotasunarekin lotuta, Hernanin egindako azken polizia sarekadan atxilotutako kideak izango dituzte gogoan. Antzerkia iluntzeko 21:00ak aldera amaituko da Sorgin dantzarekin eta ondoren, San Joan suaz gozatzeko aukera izango da.