Errugbi elkarteak emango die hasiera gaur San Joanei, udaletxeko balkoira igota

Kronika - Erredakzioa 2009ko eka. 23a, 02:00

SAN JOANETAKO Jai Ba­tzordeak hala erabakita, aurten, Her­naniko errugbi taldeak jasoko du jaiei hasiera emango dien Hernaniko bandera. Errugbi taldea bera izango da beraz, aurtengo omendua. Eta ez du gutxiagorik merezi! Hernaniarrek badakite aurtengoan HCRE taldeak lan bikaina egin duela, eta igoera faseko finalerako azken partiduan geratu zirela Ohorezko A Mailako ate aurrean, azken kos­ka ezin igo. Atletico Por­tuense (Cadiz) taldea izan zu­ten aurkari, eta beraiek lortu zuten azkenean, garaipena. Talde hori izan dute aurten, aurkaririk gogorrenetariko bat. Atletico Portuensek Her­nanira egin zuen bisita lehenengo, eta partidu hura nahiko berdinduta egon bazen ere, hernaniarrek lortu zuten garaipena, 17-14. Ondoren, Hernaniko taldea joan zen Puerto Santa Mariara. Ikusmira handia sortu zuen partiduak. Lehenik eta behin, Hernaniko taldeak herritarren laguntza behar izan baitzuen, harainoko bidaiak eskatzen zuen aurrekontuari aurre egiteko. Behin babes hori lortuta, igoera faseko finalerako azken partidua izanik, tentsioa handia zen. Hernaniarrak gogotsu eta kemen handiz aritu ziren, baina Atletico Portuensek markagailua alde jartzea lortu zuen, 32-22. Ondoren, Gernikaren aur­ka jokatuko zuen talde horrek igoera faseko finala, eta kasu horretan, Gernika izan zen garaile. Gernikak lortu zuen beraz, Ohorezko A Mailara igotzea. Horrela, Ohorezko B Mailan geratu da Hernaniko taldea, Durango, Athletico SS, Oviedo, Belenos (Aviles), Vigo eta BUC (Bartzelona) taldeekin batera. Baina, dudarik gabe, denboraldi ederra egin dute.

Ibilbide luzea
Urte guztiko lana ez ezik, taldeak martxan daramatzan 44 urteak ere omenaldia jasotzeko nahikoa arrazoi badira. 1965­ean hasi zuen Hernaniko errugbi taldeak bere ibilbidea, infantil mailako ekipo batekin. Garai hartan, Hernaniko futbol taldearekin konpartitzen zuten zelaia. Gaur egun berriz, taldeak maila guztietan du ekipo bat: benjaminak, alebinak, infantilak, kadeteak, jubenilak, eta senior A eta B mailak. Bestalde, ez da aurtengoa izan HCRE taldeak Ohorezko A Mailara igotzeko izan duen aukeratatik lehena. 1977-78 denboraldian, aukera izateaz gain, garaipena ere lortu zuen, eta Hernaniko taldea Ohorezko A Mailara igo zen. Bederatzi denboraldi segidan egin zituen orduan taldeak Ohorezko A Mailan, eta urte horietan, 4 aldiz izan ziren Ohorezko A Mailako txapeldunorde. 1987an berriz, Ohorezko A Mailatik jaitsi egin ziren eta Estatuko lehen mailan aritu zi­ren. 1991n ordea, Estatu Mai­lako kategoria galdu eta Euskal Ligara jaitsi zen taldea. Hala ere, 2003-04 denboraldian Es­tatu Mailako kategoria berreskuratu zuen, eta ordutik hona, lan bikaina egin du taldeak, aurten erakutsi duen moduan.

Harrobi sendoa
Hernaniko errugbi taldeak herritarren aldetik jasotzen duen babesak eta orain jasoko duen errekonozimenduak beste arrazoi bat ere badu; harrobia, hain zuzen ere. Hernaniko taldeak etxeko harrobiaren aldeko apustua egin izan du beti, eta ekipo sendoak ditu senior mailako bi kategoriatan eta baita, gazteagoen mailetan ere. Kontuan hartzeko datua da, zalantzarik gabe. Izan ere, gorengo kategoriatan aurkari izaten dituzten taldeetan, atzerriko jokalariak fitxatzen dituz­te, profesionalak. Her­naniko jokalariak berriz, afi­zio­natuak edo amateurrak dira, eta beren denbora librea aprobetxatzen dute entrena­tzeko. Entre­na­tzaile eta teknikariak ere, borondatez aritzen dira lanean. Amateurrak profesional artean, beraz. Hala ere, argi geratu da hernaniarrek maila bikaina dutela, eta hurrengo denboraldiari ere gogotsu ekingo diotela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!