xalaparta elkarteak Hernaniar Bikaina izendatu zuen larunbatean Patxi Apezetxea Agirre. Eta arrazoia ere eman zuten: omenduaren ibilbidea azaldu zuten, irakaskuntzan eta musikan egindako ekarpena azpimarratuz, bereziki Hernaniri begira egindakoa. Elkarte bete jenderen aurrean eta txalo zaparraden artean jaso zuen oroigarria.
Gauza asko,
hitz gutxitan esateko
German Zelaiak bertsoa prestatu zuen okasiorako:
Doinu zoragarriez
Ingurua jantzi
Zenbat konposaketa
Ta zenbat idatzi
Lau hitzetan ezin da
Dena adierazi
Hernaniar Bikaina
Zaitugu berezi
Dena merezi duzu
Zorionak Patxi.
Sari ‘berezia’
Patxi Apezetxeak eskerrak eman nahi izan zituen eta aipatu zuen azkenaldian sari bat baino gehiago jaso duen arren, instituzioetatik eta, Hernaniar Bikaina saria «berezia» dela beretzat, «lagunek, jendeak, herriak emana delako» eta etxean toki berezian jarriko zuela adierazi zuen.
Apezetxeak ondoan izan zuen Mari Jose Goñi emaztea aipatu nahi izan zuen omenaldian, «ez baita erraza txistulari baten emaztea izatea; eta berak beti onartu eta errespetatu du nire lana eta afizioa».
Mikel Ruizi ere esker ona
Larunbateko afariaren bueltan izan zen beste omendurik ere, Mikel Ruiz hain zuzen. Xalaparta elkarteak eskerrak eman nahi izan zizkion «kultura mailan eta, ekitaldi eta ekintza ezberdinak antolatzen egin duen eta egiten jarraitzen duen lanarengatik».
Mus txapelketako sariak
Aurtengo mus txapelketako sariak ere banatu zituzten. Irabazlea Ponciano Montoya eta Isidro Sardon bikotea izan da; Martin Etxeberriak eta Goñik bigarren postua egin dute; eta Koldo Loranek eta Asierrek hirugarrena.