Askok (txartela daukatenek, behinik behin) honezkero jasoko zuten karta bat etxean, Berriak txartelarekin lotuta urte osoan martxan jarriko diren ekintzen berri emanez. Deskontu bereziak egingo dira, puntuen bidez sariak banatuko dituzte eta, azaroan eta abenduan, zozketa bereziak antolatu dituzte. Mertxe Jimenezek kontatu dizkigu txartelak dakartzan berrikuntza hauek. ´Urtearen lehenengo sei hilabeteetan deskontu bat egiten aritu gara: ordaintzen zenuen bakoitzean, automatikoki, %3ko deskontua egin da. Ekainaren 30era arte jarraitu behar zuen deskontu horrek, baina abenduaren 30era arte luzatu dugu`. Ordainketa atzeratua ez den erosketa guztietan egingo da beherapen hori`. Nabarmentzeko modukoa da, %3ko beherapen hori ez dela bakarrik dendetan egingo: Karabelgo gasolindegian ere, 2009 osoan, Berriak txartelarekin merkeago izango dute gasolina kotxeari edaten ematen diotenek. ´Gasolindegiko deskontuarekin hasi ginenean jende askok egin zuen txartela` azaldu du Jimenezek. Bere esanetan, horren aurretik txartela zeukatenek, batez ere etxeko erosketak egiteko erabiltzen zuten, baina Karabelen erregaia merkeago lortzeko aukerari esker jende berri asko hasi zen txartela egiten. ´Berriak elkartean sozio asko gara, ez bakarrik datafonoa daukaten establezimenduak: tabernak ere badaude, eta gasolindegia bezala, bestelako negozioak. Karabelekoa abantaila handia da, ze, nik uste, hernaniarron %90 pasatzen garela noizbait gasolindegitik... Eta ordaintzen den bakoitzean %3 aurreratzea, bada dirua`.
Opariak puntuka
Ez, ez gara bertsolarientzako zozketa bereziez ari. Berriak txartela erabiliz egindako ordainketekin martxan dagoen katalogoaz ari gara. Bost euroko erosketa bakoitzarengatik puntu bat lortzen du erosleak. ´Gainera, eskudiruarekin ordaintzen duzunean ere aukera daukazu dendakoari esateko: ´aizu, pasako didazu txartela?´; horrela puntuak ematen dizkizu. Da, gutxi gorabehera, Travel txartela bezala`.
Txartela daukanak puntuka-puntuka, promozio honetako katalogoan azaltzen diren opariak lortzeko aukera izango du. Eta katalogoan denetarik dago: aluminiozko kafe makina (200 punturen truke), grill plantxa (750 puntu), termo bat (225 puntu), erosketak egiteko karroa (450 puntu), padera parea (20 eta 22 zentimetrokoak, 500 punturen truke), marisko sorta bat (350 puntu), txorizoa eta xolomoa (500 puntu), lepoko dotore bat (250 puntu), egurrezko sukalde-trenak (375 puntu) eta bi mailako eskailera (250 puntu), brikolaje lanetan aritzeko egoki-egokia.
Abenduko azken egunera arte egongo da indarrean puntu bidezko erregalu sistema hau eta baldintza hauek ditu: puntuak txartelaren jabeak bakarrik aldatu ahalko ditu; horretarako Caja Ruralen ofizinara joan beharko du. Han, ticket bat emango diote eta nola erabili behar duen azalduko diote. Hori bai, katalogoko oparia ondo pentsatuta aukeratu behar da: Puntuen truke hartutakoa ezingo da itzuli, non eta produktua gaizki ez badago.
´Gainera beste aukera bat ere eskaintzen dugu: puntuen truke txekeak hartzea. Txartela daukanak 300 puntu biltzen dituen bakoitzean 10 euroko txeke batengatik aldatu dezake, eta gero, txeke horrekin, Berriak elkarteko edozein dendatan nahi duena erosi dezake` azaldu du Jimenezek. Horrekin lortu nahi dute, puntuen truke eskaintzen diren erregaluak gustatzen ez zaizkionak ere aukera izatea promozioa aprobetxatzeko.
1.400 hernaniarrek daukate txartela
Asko dira dagoeneko Berriak txartela edukitzearen abantailak aprobetxatzen dituzten hernaniarrak. ´1.400 pertsonak daukate txartela` esplikatu du Jimenezek, ´baina nahi dugu jende gehiagok egitea, iruditzen zaigulako aukera on asko eskaintzen dituela`. 2.000 txartelera iristea da helburua. Azken urteetan dezente hazi da txartela daukan jende kopurua, eta bide horretan segi nahi du Berriakek.
Orain arte hizketarako gai izan ditugun promozio bereziak alde batera utzita, ordainketa atzeratzeko aukera da, Jimenezek esaten duenez, Berriak txartelarekin gehien erabiltzen den aukera. Nola funtzionatzen duen? ´Zuk zerbait erosi dezakezu, adibidez, 300 euro balio duena. Txartelarekin, elkartekoak diren dendetan, diru hori hiru plazotan ordaindu dezakezu: aurreneko hilabetean 100, bigarrenean beste 100 eta hirugarrenan beste 100`. Ordainketa atzeratzeak, gainera, ez dio inolako kosturik gehitzen hasierako prezioari. Mertxe Jimenezek azaldu duenez, aukera hau geroz eta gehiago erabiltzen da Hernanin, beharbada, krisi ekonomikoaren eraginez.
Lasaiago ordaintzeko aukera hori ez da nolanahikoa ekonomia deprimituta dabilen garai hauetan; txartela doan egin daiteke; ´eta gainera` gehitu du Jimenezek, ´erabili daiteke mota askotako komertzioetan, hasi dentista batetik, janari dendak... denetarik`. Txartela egiteko orria edozein establezimendutan eskatu daiteke eta berdin da kontu korrontea zein bankutan daukazun.
Urtea bukatzeko...
zozketak
Azaroan eta abenduan, urtea ondo bukatzeko, zozketa bereziak izango dira txartelarekin. Zozketen funtzionamendua oso erraza da: erosketa bat Berriak txartelarekin ordaintzean boleto bat emango dizute, eta boleto horiek 10, 20 eta 50 eurotako erosketa bonifikatuak egiteko balioko dute. Ez da momentuko erosketa horretarako balio duen beherapena: ´Zuk, adibidez, 30 euro kostatzen den zerbait erosi duzu. Boletoan 10 euroko saria tokatzen bazaizu, ez du esan nahi egun horretakoa 20 eurotan kitatuko duzunik. Hurrengo erosketa 10 euro merkeago izango duzula esan nahi du` esplikatu du Jimenezek.
Ikusten den bezala, ekintzaz betetako urtea ari da izaten aurtengoa Berriak elkartearentzat. Ekonomia krisia alde guztietan gogor jotzen ari den arren, ez dute pausorik atzera ematen, ezta indarra hartzeko ere. Txartelaz eta promozio berri hauetaz informazio gehiago nahi izanez gero ere, ateak zabalik dauzkate: Berriak elkartearen ofizinatik (Ave Maria etxean) pasatzea besterik ez dago, edo telefonoz honako zenbakira deitzea, 943 333 049.