san Joanak hurbildu ahala, urtero hernaniar mordoska ateratzen da kalera korrika saioa egitera. Azeri Bila, aurtengoa 11garrena, Hernaniko herri lasterketarik ezagunenetakoa da; joan den urtean 500 ume inguruk eta 300 heldu inguruk hartu zuten parte. Gaur ez dituzte gutxiago espero antolatzaileek. Helduen froga arratsaldeko 18:30etan hasiko da eta 9 kilometrokoa izango da. Aurretik ordea, ume eta gazteak abiatuko dira, beraientzako egokitutako ibilbide motzagoxea egitera.
9 kilometroko itzulia
Helduek 4.5 kilometroko ibilbideari bi itzuli emango dizkiote, beraz, 9 kilometroko buelta egingo dute guztira.
Urbieta kaletik abiatuko dira eta Kaxkoan barrena buelta ederra eman ondoren, Elkano, Larramendi eta Lizeaga kaleetan barrena, Atzietatik jaitsi eta Floridara joango dira, handik Sagastialdeberri auzoan barrena, Antziola auzo aldera joko dute, eta azkenik, hasitako lekura bueltatuko dira. Horrelako bi buelta egingo dituzte.
Guztientzako sariak
Lasterketan parte hartzen duten guztiei kamiseta bana emango diete; eta maila bakoitzeko 3 lehenengoek oroigarri bana jasoko dute. Horrez gain, bidaia, bi lagunentzako afaria, kirol materiala eta beste opari mordoska zozketatuko dituzte.
Izena emateko, helmugara jo
Aspaldi ireki zuten izen ematea, dena den, inork ez badu izenik eman orain arte, eta gogoz baldin badago, gaur lasterketa hasi baino lehen, helmugara jo behar du izena ematera; orain arte izena ematea 7 euro baldin bazen, gaur 10 euro izango dira.
Informazio gehiago nahi izanez gero, www.herrikrossa.com-en begiratu daiteke, edo honako lekuetan galdetu: Hernanin Mitxel Kirolak eta Axeri Kirolak dendetan; Usurbilen Urbil merkatalguneko Forum dendan, eta Donostiako Apalategi Kirolak eta Laister Kirolak dendetan.
Haur eta gazteentzako
frogak aurretik
Helduen froga hasi aurretik, haur eta gazteentzako frogak izango dira: 17:40etan hasita, benjaminak abiatuko dira, 1999-2000 urteetan jaioak, 600 metroko ibilbidea egitera; 17:50etan hasita, alebinak abiatuko dira, 1997-1998 urteetan jaioak, 1.200 metroko ibilbidea egitera; 18:00etan hasita, infantilak abiatuko dira, 1995-1996 urteetan jaioak, 2.400 metroko ibilbidea egitera; eta azkenik, 18:30etan, kadeteak abiatuko dira, 1993-1994 urteetan jaioak, 4.500 metroko ibilbidea egitera.