osteguneko plenoan Udalak mozioa onartu zuen joan den astean Hernaniko haur baten senitartekoek ezarri zuten sexu erasoaren salaketaren harira. Aho batez onartu zen mozioan, Udalak garbi adierazi zuen sexu erasoak edozein eratakoak direla ere, onartezinak direla. Bere babesa adierazi zioten erasotuari eta familiari eta bere esku dauden baliabideak eskaini zizkien. Sexu erasoen aurrean «Tolerantzia Zero» aldarrikatu zuen.
Mozioan dio sexu erasoak haurtzaroan ematen direnean «are eta dimentsio potoloagoa» hartzen dutela eta horrelako egoera zabar batek hazkuntza pertsonalean eragin dezakeela.
Tolerantzia Zero
Sexu erasoen larritasunaren aurrean, Udalak zera adierazi du: eraso sexuala jasan duen haurrari eta familiari elkartasun eta babesa adierazi dizkie eta eskura dituen baliabideak eskaini.
Bestalde, kasuarekin lotura duelakoan, atxilotutako hernaniarrari dagokionez, Udalak eskatu du, bere errugabetasun presuntzioa errespetatzeko eta argitu beharrekoak eperik laburrenean argitzeko, «denen hobe beharrez».
Horrelako kasuen aurrean «Tolerantzia zero» aldarrikatu du Udalak eta herritarrei horrelakoak salatzeko kontzentrazioetan parte hartzeko deia luzatu die.