batel estropada izango da bihar Urumea ibaian, Elorrabin, orain bi urte hil zen Fermin Etxeberriaren omenez. Fermin Etxeberria urtetan ibili izan da Hernaniko arraun elkartean, bai arraunlari eta patroi lanetan, baita entrenatzaile eta arduradun bezala ere. Omenezko estropadan parte hartuko dute Hernaniko arraunlariez gain, Koxtapekoek, Tolosakoek, Zarauzkoek, San Pedrokoek, Hibaikakoek eta Trintxerpekoek.
Estropadak
Estropadak goizeko 11:30etan hasiko dira eta ordubete inguru iraungo dutela espero da. Aurrenekoak infantil mutilak izango dira, eta lehenengo txandan lehiatuko dira Koxtape, Tolosa A, Tolosa B, Zarautz, San Pedro, Hernani A eta Hernani B.
Ondoren, kadete mutilen txanda izango da, eta estropadan honako taldeak ariko dira: Koxtape, Tolosa, San Pedro, Hibaika eta Hernani.
Azkenik, hirugarren estropadan, neskek hartuko dute parte; estropada hau maila librekoa izango da, nesketan ez baitago bereiztutako mailarik. Bertan izango dira ondorengo taldeak: Koxtape, Hibaika, Tolosa A, Tolosa B, San Pedro A, San Pedro B, Trintxerpe eta Hernani.
Nondik norakoa
Elorrabiko estropada eremua nahiko txikia denez, eta aurten parte hartzaile asko daudenez, estropada era honetan egingo da: maila bakoitzean erlojupeko froga egingo da, 800 metrokoa. Ondoren, maila bakoitzean aurreneko bi postuetan sailkatzen direnek jokatuko dute finala, buruz buruko saio batean, 600 metrokoa.
Maila bakoitzeko talde irabazleek bandera izango dute saria, eta bigarren geratzen direnek kopa. Estropaden ostean arraunlarientzat hamaiketakoa izango da.
Arraun elkartetik hernaniar guztiak gonbidatu dituzte estropada ikustera.