Txantxangorrik antolatutako sagardo lehiaketa hilaren azken ostiralean

Kronika - Erredakzioa 2009ko ira. 7a, 02:00

azken 26 urteotan bezala, aurten ere sagardo lehiaketa antolatu du Txantxangorri elkarteak. Lehiaketako egu­na irailaren 25a izango da eta afaria egingo da. Afarian, gehienez, 156 pertsonek hartu ahal izango dute parte eta izena emateko epea bazkideentzako, gaur irekiko da. Irailaren 15era arte izango dute apuntatzeko aukera. Afaltzera joango den giltzadun bazkideak bi lagun apuntatu ditzake. Gainontzekoak irailaren 16tik aurrera eman ahalko dute izena lekua bete arte. Izen ematea elkarteko bulegoan izango da eta momentuan ordaindu behar da, ordainagiria bertan ja­soz. Afaria, beraz, hilaren az­ken ostiralean izango da Txan­­txan­gorri elkarteko kanpoko aldean, arra­tsaldeko 20:00e­tan.

Menu ederra
Afarira joan nahi duenak 25 euro ordainduta honako menuaz gozatzeko aukera izango du: arrautza egosia, bakailua Bizkaiko erara edo saltsa berdean, bertako sahieskia, Urbasako gazta, kafea, kopa eta puroa. Mahaien antolaketari dagokionez, 16 mahai izango dira, 10 pertsonako 14 mahai eta 8 pertsonako 2 mahai.

15 sagardo lehiaketan
Txapelketa hasita, afarira berandu iristen direnek ez dute puntuaketan parte har­tzerik izango. Sagardo bakoitza puntuatuko da, 5 gutxienez eta 10 gehienez. Sailkapenaren berri txapelketa bukatzean emango da. Lehiaketan guztira 15 sagardok hartuko dute parte. Hernanitik 7 izango dira: Elorrabi, Iparragirre, Otsua-enea, Olaizola, Itsasburu, Ru­fino eta Zelaia. Astigarra­gatik 6: Astarbe, Petritegi, Be­reziartua, Herrero, Oyar­bi­de eta Lizeaga. Donostia­tik, berriz, Barkaiztegi, eta Zubietatik Astiazaran. Sagardoak lehiaketara 15 tandatan aterako dira. Tanda bakoitzean lau sagardo ezberdin aterako dira eta sagardo bakoitza lau mahaitarako izango da. Hala, txandatzen joango dira sagardoak. Elkartekoek jakinarazi dutenez, modu horretan eginda, emaitza fidagarriagoak lortzen dira mahai guztietan sagardo berdina batera aterata baino.

Sariak sagardogileentzat eta mahaikideentzat
Sariak lehenengo lau sagardogileentzat izango dira. Ira­bazleak txapela izango du eta lehenengo laurei trofeoak emango zaizkie. Lehenengo hiru sagardo irabazleen edo azkeneko hiruren puntuaketara gehien hurbildu diren mahaikideek ere izango dituzte sariak. Sailkapen ho­netan kontuan izango da ere sagardo hoberenei eta txarrenei eman dizkieten 10ak eta 5ak zenbat izan diren. Elkarteak lehiaketa honetan aurkezten diren sagardoen maila mantendu, edota posible izanez gero, igotzeko helburua du, eta horretarako, azken urteetan erabilitako formula mantenduko du aurten ere. Horrek esan nahi du, lehiaketan azkenak ge­ratzen diren bi sagardoak or­dezkatuak izango direla par­te hartu nahi duten beste bi­rengatik. Datorren urtean be­raz, beste bi sagardo ez­ber­din izango dira lehiaketan.

2008ko irabazlea Iñaki Irigoyen (Herrero)
Joan den urteko irabazlea Iñaki Irigoyen Herrero sagardotegikoa izan zen. Aurten, lehiaketako sailkapenean aurrenak geratzen diren sagardogileek sagardo hori erosteko aukera izango dute lokal sozialerako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!