KIROLDEGIKO ikastaroetan 2009-2010 ikasturtean izena eman nahi duten ohiko ikasleek epea zabalik dute dagoeneko. Izena hilaren 22ra arte eman ahal izango dute, beti ere orain arteko talde berean lekua gordetzeko.
Ikasle berriak eta taldez aldatu nahi dutenak
Ikastaroetan izena eman nahi duten ikasle berriek, edota taldez aldatu nahi dutenek ekainaren 23tik aurrera izango dute aukera. Hilaren 23tik aurrera izena hartzen pertsona bat egongo da kanpoko igerilekuetan, egun horretatik ekainaren 28a bitartean kiroldegia itxita egongo baita.
Ikasturte berrirako
bi proposamen berri
2009-2010 ikasturterako gainera, bi ikastaro berri antolatu dituzte: Body Training-a eta GAP-BOSU-a.
Body Training-a da gihar erresistentzian oinarritutako ariketa saioa. Gainera lan erritmoarekin, pisuarekin eta musikarekin osatutako ikastaroa da. Emakumezkoek zein gizonezkoek egin dezakete, eta ez da zertan esperientzia izan. Ikastaro honen bitartez, ikasle gehienek onura haundiak lortuko dituzte denbora gutxian. Ikastaroaren helburua da, muskulatura indartzea eta definitzea. Ikastaro honen onurak besteak beste, honakoak dira: grasa galdu, masa muskularra haunditu, indarra irabazi, hezurren indarra haunditu eta kolesterol maila kontrolatu.
GAP ikastaroa taldeka egiten da, eta bertan gluteoak, abdominalak eta hankak lantzen dira. BOSUa berriz baloi erdi formako material berri eta dibertigarria da, eta honen bidez lantzen dira flexibilitatea, indarra, oreka eta abar. GAB-BOSU ikastaroa egitearen onurak dira besteak beste giharrak indartzea eta stress maila gutxitzea.