EZ dira maiz ikusten boxeo konbateak Hernanin. Horregatik, gustoko dituenak edo zerbait ezberdina ikusi nahi duenak, aukera izango du gaur, Hernaniko kiroldegian bertan, boxeo eta kick boxing konbateak ikusteko. Gaueko 22:30etan hasiko dira borrokaldiak eta hamar boxeolari ariko dira zein baino zein gehiago ringean. 20:30etatik aurrera sarrerak erosi ahal izango dira.
Kirol oso-osoa
Manu Carrasco antolatzaile eta boxeolari ohiak boxeolarien sasoia eta teknika azpimarratu ditu; «epaileek boxeolarien abilidadea, azkartasuna, kolpeak emateko abilidadea, bere burua defendatzeko gaitasuna, kolpeak saihesteko abilidadea, emandako kolpeak, ringean erakusten duen nagusitasuna eta beste gauza asko hartzen dituzte kontuan».
Horien guztien arabera boxeolariak puntuak lortzen ditu eta horrela erabakitzen da borroka, KOrik ez badago tartean behintzat.
10 lagun boxeoan
Honako borrokak izango dira gaur ringean: Fernando Suarez/Javi Diaz, Yuri Pompilio/Ivan Rojo, Nikolay Zavaloustki/Gonzalo Vitoria, Iban Estebez Roko/Ali Stam eta Ivan Guzman/Juan Pablo. Guztiek 4 asalto egingo dituzte, 3 minutukoak bakoitzak.
Ondoren kick boxinga
Ikuskizunean boxeoa ikusteaz gain, kick boxing borrrokaldi bat ere izango da: bertan izango da Alex Anasagasti punta-puntako boxeolaria, bere mailako aurkariren baten aurka.
Iban Estebez, Roko:
«Boxeoa kirol gogorra da oso, baina sasoian egoteko oso ona»
Izena: Iban Estebez, Roko
Adina: 29 urte
Herria: Errenteria-Orereta
Kategoria: Pisu ertaina
Esperientzia: 6 urte.
Esanak:
‘Futbolean eta txirrindularitzan ibili izan naiz eta probatu egin nahi nuen. Egia esan, sasoian egoteko kirol ona da oso; indarra behar da, teknika ona, eta borroka dagoenean egunero entrenatu behar izaten dugu. Kirol gogorra da, batzuetan gogorregia, baina ohitu ere egiten zara. Lagunek esaten didate ringean ez dudala behar bezain gogor jotzen’.
Yuri Pompilio:
«Boxeatzeko, azkartasuna eta teknika behar dira, eta batez ere, burua erabili»
Izena: Yuri Pompilio
Adina: 25 urte
Herria: Errenteria-Orereta
Kategoria: Super Welter
Esperientzia: 6 urtetik gora. Datorren urtean profesionaletara pasa nahi du.
Esanak:
‘Aita ere boxeolaria nuen, horregatik hasi nintzen; boxeatzeko, azkartasuna eta teknika behar dira, eta batez ere, burua erabili behar da. Ringean zoriontsua naiz eta estiloarekin borrokatzea gustatzen zait, irabazi edo galdu, jendeak ere gozatzeko. Aurkaria maila berekoa da, beraz, borrroka parekatua da’.
Nikolay Zavaloustki:
«Erasotzerakoan pentsatu behar duzu besteak ere erasotu egingo zaituela»
Izena: Nikolay Zavaloustki
Adina: 22 urte
Herria: Bulgariakoa, Errenteria-Oreretan bizi da
Kategoria: Pisu ertaina
Esperientzia: Aurretik 4 urtez aritu zen kick boxingean; eta 3 daramazki boxeoan.
Esanak:
‘Lehen Kick Boxinga egiten nuen eta orain boxeoa; kick boxinga nahiago dut, egia esan. Ringean nagoenean ez naiz beldur izaten, irabazteko igotzen naiz; erasotzen duzunean pentsatu behar duzu besteak ere erasotu egingo zaituela. Asko entrenatzen dugu gainera horretarako’.
Fernando Suarez:
«Hasieran kolpe bat jotzen nionean, barkamena eskatzen nion aurkariari»
Izena: Fernando Suarez
Adina: 27 urte
Herria: Errenteria-Orereta
Kategoria: Luma pisua
Esperientzia: Azaroan hasi zen boxeatzen.
Esanak:
‘Boxeatzeko bizkorra izan behar da, erasokorra baino; ez da komeni uste gutxienean kontrola galtzea; asko pentsatu behar da. Hasieran gogorra egiten zitzaidan gimnasioko lagunei jotzea; hasi nintzenean, kolpe bat jotzen nionean barkamena eskatzen nion aurkariari; gero konturatzen zara kirola dela, eta ohitu egiten zara’.