PENA haundiz agurtu zituzten atzo Ereñotzun San Antonio jaiak. Jaiak prestatzen hainbeste lan egin ondoren ziztu batean pasa dira auzoko jaiak. Atzo egin zuen giro sargoriarekin gustora arrimatu zen jendea sagardo probaketara, sagardo fresko-freskoa edatera. Eguerdian, Ttarla dantza taldeko dantzariek girotu zuten probaketa, baita trikitilariek ere. Arratsaldean bertso jaialdia izan zen, Joxe Agirre, Julio Soto, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi, Iker Zubeldia eta Igor Elortzarekin. San Antonioak, ofizialki, iluntzean agurtu zituzten suziriak botata.