AZKEN txanpa dute gaur Ereñotzuko festetan. Orain arte nahikoa izan ez duenak gaur ere izango du non entretenitu, besteak beste, sagardo probaketa, eguerdia baino lehen eta bertso saio dotorea arratsaldean.
Sagardo probaketa
11:30etatik aurrera sagardo probaketa izango da, urtero bezala, Ereñotzuko plazaren inguruan, Ur Mia elkarteak antolatuta. Han izango dira Elutxeta, Iparragirre, Elorrabi, Otsua-Enea, Olaizola, Goiko-Lastaola eta Larre-Gaineko sagardoa, auzotarrek botea. Mokaduren bat ere izango da sagardoari laguntzeko. Ttarla dantza taldeak dantza saioa eskainiko du ondoren.
Bertso saioa
Ereñotzuko festetan, bada urteroko zita, jende askok sekulan kale egiten ez duena: bertso saioa. Han izango dira, oholtzan, Joxe Agirre, Julio Soto, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi, Iker Zubeldia eta Igor Elortza.
Patrika bete eta etxea
Bertso saioaren ondoren, jaietako errifaren zozketa egingo dute, 400 euroko saria zozketatuko dute, beraz, baten batek patrika ederki beteta eramateko aukera izango du. Ondoren, festei bukaera emateko suziriak botako dituzte.
Larra eta Pikabearen arteko desafioa atzo
Roxario Pikabeak irabazi zuen sekulako ikusmina sortu zuen desafioa. Pikabea nagusitu zen azkenean, 4 minutu eta 17 segunduko aldearekin, aspaldiko ikusmin haundiena sortu zuen apustua. Pikabea eta Larra, Larra eta Pikabea, ez zen falta iritzirik desafio aurretik, eta Ereñotzuko plaza leporaino zela hasi zuten desafioa bi kirolariek. Lau kanaerdiko moztu eta 6 kilometro korrika zituzten aurrean. Pikabea nagusitu zen bi frogetan. Egurra azkarrago eta hobeto ebaki zuen, eta 23 segunduko aldea kendu zion kontrarioari. Larrak hori zuen gustoko lana, baina lotuta aritu zen Oialumen bizi den oiartzuarra. Korrika berriz, Epelekoaren terrenoan, ia 4 minutu kendu zizkion Pikabeak Larrari. Bukaeran, txalo zaparrada haundia eskaini zien ikusleek bi protagonistei. Ondo merezia; biek ala biek egin baitzuten lan bikaina.Korrika sei kilometroak egin zituzten bitartean, Suharrik eta Imanol Paollak harri-jasotzen egin zuten esibizioa, 100 kiloko harriarekin. Suharri nagusitu zen alde txikiarekin.
Gaur Ereñotzun
08:30 Hernaniko txistulariekin diana.
11:30 Sasgardo probaketa.
12:00 Ttarla dantza taldearen emanaldia.
19:00 Bertso jaialdia:
Joxe Agirre, Julio Soto, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi, IkerZubeldia
eta Igor Elorza.
Ondoren jaietako errifaren
zozketa.Jarraian, Festei bukaera emango zaie,suziriak botata.