SAN Joan usaina sumatzen hasia da herrian, hala esaten du jendeak. Hala ere, bada oraindik despistatu samar dabilenik. Gaurtik aurrera ordea, ez du aitzakiarik izango, gauean herri osoan entzuteko moduko musika doinuak zabalduko baitira, San Joanak bertan direla iragartzeko. San Joanetako Preludioa edo iragarpen kontzertua izango da gaur gauean Plazan (euria eginez gero, Atsegindegin), 22:30etatik aurrera. Urtero bezala, errepertorio freskoa eta ezberdina prestatu nahi izan dute antolatzaileek, belarri guztien gozagarri. Guztira 13 pieza izango dira; herri abestiak batzuk, autore ezagunenak beste batzuk, hangoak eta hemengoak, entzuteko batzuk eta asko, entzun eta dantzatzeko.
Dantzarako pieza asko
Ruth Martin zuzendari artistikoaren esanetan, aurtengo berezitasunetako bat da, pieza asko dantzako doinuak direla, den-denak dantzatuko ez badituzte ere. Ezpata Dantza, Mutil Dantza, Corazón de Oro, Minué-Boleras, Euskal Bilera, Benny Goodman: The king of swing eta abar.
‘Mutil Dantza’ berezia
Errepertorioko 4garren pieza Mutil Dantza izango da. Garai batean, Tilosetan dantzaldia izaten zen, Musika Bandaren eskutik. Bandak atseden hartzen zuenean, Txistulari Bandak hartzen zuen erreleboa eta, besteak beste, Mutil Dantza doinua jotzen zuen. Izenak esan bezala, mutilak besterik ez ziren ateratzen pieza hura dantzatzera.
Gaurko kontzertuan, orduan Tilosetan dantzan ibiltzen zen gizon talde bat aterako da dantzara, soinean urte batzuk gehiago dituztela, baina umore berarekin.
Tango doinuak
Errepertorioan aurrera, 5garren eta 6garren piezak tangoak dira. Lehena, Libertango, eta bigarrena, Corazón de Oro, tangoa eta baltsa uztartzen dituen pieza.
‘Euskal Bilera’n
Urumeako Iñude eta Artzaiak
Errepertorioko 8garren piezan, Euskal Bileran, txistulariak, metal boskoteak eta abesbatzak hartuko dute parte. Gonbidatu bereziak ere izango dituzte, izan ere, Iñude eta Artzai jaian asko jotzen den pieza izanik, Urumea Ikastolako konpartsako kideak gonbidatu dituzte plazan dantzatzera.
‘Mendirik Mendi’
eta ‘San Joan zortzikoa’,
ondo bukatzeko
San Joan jaiak iragartzeko kontzertuan ezinbesteko piezak dira Mendirik Mendi eta San Joan Zortzikoa. Azkeneko bi piezak izaten dira beti.
Horien aurrekoa ere ez da nolanahikoa izaten eta antolatzaileak saiatzen dira Preludioan parte hartuko duten talde eta pertsona guztiak elkarrekin aritzeko moduko pieza bat aukeratzen. Aurten Errobi pieza aukeratu dute eta elkarrekin joko dute gitarrek, baxuak, bateriak, abesbatzek, Musika Bandak, akordeoi taldeak eta txistulariek.
Mendirik Mendi J.A. Erauskinena da; Musika Bandak, txistulariek, abesbatzak eta akordeoi taldeak joko dute, Patxi Apezetxearen zuzendaritzapean.
San Joan Zortzikoa, hernaniarren himnoa, izango da kontzertuko azkeneko pieza. Abesti herrikoia da, Joxean Goikoetxeak moldatua kasu honetan, eta M. Lekuonaren hitzak ditu. Musika Banda, txistulariak, akordeoi taldea, txalapartariak, abesbatzak eta dantzariek parte hartuko dute, Zipri Otxandorenaren gidaritzapean, kontzertuko unerik hunkigarrienean.
Parte hartzaileak
Hernaniko Musika Banda.
Hernani eta inguruko
txistulariak.
Hernani Musika Eskola Publikoko akordeoi taldea.
Hernani Musika Eskola Publikoko Abesbatza.
Kantuz Abesbatza.
Ozenki Abesbatza.
San Joan Parrokiko
abesbatzako partaideak.
Dultzaina joleak.
Gitarra eta baxu joleak.
Albokaria eta pandero jolea.
Txalapartariak.
Ttarla dantza taldea.
Mutil dantza taldea.
Tango bikotea.
Carmen Garmendia eta Maria Govillar dantza eskola.
Zuzendariak
Maribel Insausti.
Garbiñe Orbegozo.
Zipri Otxandorena.
Patxi Apezetxea.
Igor Arroyo.
Aurkezleak
Idoia Noble.
Jon Odriozola.
Zuzendari artistikoa
Ruth Martin.