BOSGARREN urtez Hip Hop Eguna antolatu dute, biharko. Asmoa dute Hip Hoparen mundua ezagutarazi eta inguru honetan dabiltzan Hip Hop zaletuak elkartu eta egun atsegina pasatzea.
Egun osoko plana
Goiz partean Hip Hop kulturarekin zer ikusia duten arlo ezberdinetako tailerrak izango dira, Tilosetan, 11:00etatik 14:00etara. Graffiti tailerrean, sprayekin marrazkiak egiteko aukera izango da paneletan, monitore baten laguntzaz. Scratch eta DJ tailerrean, musika jartzeko eta nahasteko aukera izango da. Monitore lanetan ariko da DZ musika jartzailea. Break dance tailerra ere izango da, eta bertan, dantzan aritzeko aukera izango da, lurrean barrena ariketa ikusgarriak eginez.
Eguerdian Tilosetan bazkalduko dute. Segidan emanaldiak izango dira: DZ musika jartzen ariko da eta biniloekin scratch erakustaldia egingo du. Bide batez, ondorengo ekitaldia aurkeztuko dute. Arratsaldeko 17:15etan, abeslari gazteen tailerra izango da. Bertan, musika jarri eta horren gainean rapeatzen edo kantari ariko dira hainbat gazte. 18:00etatik aurrera, Aritz Sound System-ek eta DZk jarritako musikarekin break dantza erakustaldia izango da.
Hip Hoparen kultura
Hip Hopa 80ko hamarkadan AEBtako auzo pobreetan sortutako mugimendua da. Ideiak eta sentimenduak adierazteko modua da eta horretako bide ezberdinak erabiltzen dira: musika base batzuen gainean abestea (rapeatzea), sprayekin muralak pintatzea (graffitiak), edo dantzatzea (break dance).