san Joanetarako bi aste besterik ez dira falta, eta urtero bezala, jaiei merezitako ongietorria emateko San Joanak iragartzeko kontzertua antolatu dute herriko musikari, abesbatza eta dantzariek. Preludioa larunbatean, gaueko 22:30etan izango da, Gudarien plazan. Guztira 13 bat emanaldi izango dira. Euskal dantza eta doinuak, San Joanekin lotutako piezak izango dira urtero bezala, baina baita beste doinu eta erritmo batzuk ere. Preludioan, taula gainean izango dira besteak beste: Hernani Musika Banda, Hernani eta inguruko txistulariak, Hernani Musika Eskola Publikoko abesbatza eta akordeoi taldea, Kantuz abesbatza, Ozenki abesbatza, San Joan Parrokiko abesbatzako partaideak, dultzaina joleak, gitarra eta baxu joleak, albokari eta pandero joleak, txalapartariak, Ttarla dantza taldea, Mutil dantza taldea, tango bikotea eta Carmen Garmendia eta Maria Govilalrd dantza eskola. Aurkezle lanetan ariko dira Idoia Noble eta Jon Odriozola.
Preludio txikia eguerdian
Preludio txikia ere izango da larunbatean, eguerdiko 13:00etan, Gudarien plazan. Bertan izango dira Elizatxo ikastolako, Inmaculada ikastetxeko, Langile ikastolako, Txirrita eskolako eta Urumea ikastolako ikasleak, baita Hernani Musika Eskolako, Kantuz Musika Eskolako eta Ttarla dantza taldeko ikasleak ere.