hip Hop Eguna ospatuko da gaur Hernanin, bosgarren urtez. Goizean tailer mordoska izango dira, era askotakoak, eta bazkalostean goizean ikasitakoak erakusteko aukera izango da. Jaialdia Tilosetan izango da, goizeko 11:00etatik aurrera (euria egingo balu, Biteri kultur etxean egingo litzateke, arratsaldez bakarrik) .
Goizean ikasi
Goizean era guztietako tailerrak izango dira, dantzan eta kantuan ikasteko. Besteak beste, graffiti tailerra, scratch eta DJ tailerra eta break dance tailerra izango dira.
Graffiti tailerrean jendeak graffitiaren teknikak ezagutu eta praktikatzeko aukera izango du. Monitore bat izango da laguntzeko eta beharrezko materiala ere bai: spraiak, panelak eta abar.
Scratch eta DJ tailerra
Scratch eta DJ tailerrean musika jartzeko, nahasteko eta scratchak egiteko teknikak irakatsiko dituzte. Horretarako beharrezko materiala izango da: bi technics plato, musika nahasteko mahaia, soinu ekipoa eta abar. Eta kategoriko maisua izango da bertan: Esne Beltza, Fermin Muguruza eta Selektah Kolektiboko partaidea den DZ ariko da maisu lanetan.
Break dance tailerra
Break dance tailerrean gorputzaren espresioa musika eta dantzaren bidez lantzeko teknikak irakatsiko dituzte. Horretarako ere ez da materialik faltako: sintasola, soinu ekipoa, musika jarriko duen DJa eta abar.
Bazkaria Tilosetan
Eguerdirako jendea gosetua izango da eta atsedenaldia egingo dute bazkaltzeko. Ondoren graffitiak margotzen jarraituko dute eta musika izango da girotzeko.
Arratsaldean jaialdia
Arratsaldean, goizean ikasitakoak erakusteko aukera izango da. 17:00etan hasita DZren eskutik scratch erakustaldia izango da.
Abeslari gazteen tartea
Antolatzaileen esanetan, asko dira Euskal Herrian rap musikaren bidetik abesten hasi diren gazteak, «gutxi dira ordea, jendearen aurrean eta baldintza egokietan, beraiek konposatutako abestiak aurkezteko dituzten aukerak». Hain zuzen, horiei zuzenduta dago arratsaldeko jaialdia, «gustora aritzeko aukera eman nahi diegu». Jaialdiaren ondoren, Aritz Sound System-en eta DZren musikarekin lagunduta, Break dantzarien erakustaldia izango da.
Hip Hop-a
Hip Hop-a 80garren hamarkadan Amerikako Estatu Batuetako auzo txiroetan sortua da. Ideiak eta sentimenduak adierazteko modu bat da eta horretarako hainbat baliabide ditu: raparen bidez, ahozko espresioa lantzen da, break dantzaren bidez, gorputz espresioa, eta graffitien bidez, ideiak eta sentimenduak irudi bihurtzen dira.