iniZiatiba Internazionalistak lortu zuen atzo babesik haundiena Hernanin, 2.663 boturekin, Europako Parlamenturako Hauteskundeetan. Botua ematera 15.246 hernaniar zeuden deituta, botua 6.118 hernaniarrek eman zuten eta 9.128 izan ziren boturik eman ez zutenak, %60. Hernaniko bigarren indarra PSOE izan da 1.305 boturekin, EAJ-PNVk 932 botu lortu ditu, EA-Aralarrek 481 botu, PPk 427, EBk 120, eta UPyDk 38.
Egun lasaia Hernanin
Lasai egon ziren Hernaniko 16 hautes-mahaietan. Eguerdia bitartean eman zuten botua hernaniar gehienek, eta gaueko 21:00etarako botu kontaketa egina zegoen.
2004ko parte hartze bera
Orain dela 5 urteko Europako Hauteskundeetan, Hernanin tankerako parte hartzea izan zen, %40 ingurukoa. Baliogabetutako HZren botuak izan ziren orduan nagusi, 2.390 boturekin; bigarren indarra PSOE izan zen 1.297 boturekin; hirugarren EAJ-PNV 968 boturekin; EA eta Aralarren artean 700 botu lortu zituzten; eta EBk 207 botu lortu zituen.
Diputatu banaketa Espainiako estatuan
Espainiako estatuan PP izan da boturik gehien lortu dituen alderdia, eta bigarren indarra PSOE izan da. Abstentzioa %53,97koa izan da.
Europako Parlamentura Espainiako Estatuko 50 diputatu joango dira: horietatik 23 PPkoak izango dira; 21 PSOEkoak; 2 diputatu CEU koaliziokoak (EAJ-PNV, CDC, UDC eta abar); beste 2 diputatu IU-ICV-EUiA-BA koaliziokoak (EB eta abar); diputatu 1 UPyDkoa izango da; eta azkenik, beste diputatu 1 lortu du Edp-V koalizioak (ERC, Aralar, EA, BNG eta abar).
Oraingoz, diputatu banaketa hori izango da, baina Europan Lisboako Akordioa ezartzen bada, 4 diputatu gehiago banatuko dira.