hernanik Herri Arteko finala jokatuko du datorren astean. Ostiraleko garaipenak eman zion finalerako pasea, Azpeitiaren kontra 2-1 irabazi baitzuen, finalerdietako bueltako partiduan.
Kadeteak eta jubenilak nagusi
Hernaniko pelotariak maila ikaragarria ari dira ematen denboraldi honetan, eta horren adibide garbia dira Herri Arteko txapelketan orain arte lortutako emaitzak.
Ostiralean finalerdietako bueltako partidua jokatu zuten, Azpeitian. Azpeitiako Txiki pelotalekua zaila izaten da aurkarientzat. Harmailak oso gertu daude pelotariengandik, eta zaletuak horretaz baliatzen dira presioa eragiteko. Hala ere, Hernaniko pelotariek presioari aurre egin eta serio eta seguru jokatu zuten.
Kadeteetan Lujanbio eta Elorzak jokatu zuten, eta egurra eman zieten azpeitiarrei. 22-3 irabazi zuten, Lujanbioren erakustaldia medio.
Jubeniletan ere nagusi izan ziren hernaniarrak. Arrieta eta Aizpitartek osatu zuten bikotea, eta 22-14 irabazi zuten. Arrietaren sasoia eta momentu ona agerian geratu zen.
Seniorretako partidua berriz oso polita izan zen, maila haundikoa, baina Ojuel eta Gorrotxategik ezin izan zuten irabazi. Ojuelek oso tantu politak egin zituen arren, Azpeitiako atzelaria nagusi izan zen partiduan eta 22-16 galdu zuten.
Finala igandean Atano IIIan
Hernanik joaneko emaitza bera lortu zuen bueltakoan, eta hortaz igandean Atano IIIgarrena pelotalekuan jokatuko den finalerako sailkatu zen.
Finala Bergararen kontra jokatuko du eta nahiko berdindua izatea espero dute. Kadeetan bergararrak dira faborito, baina jubeniletan hernaniarrak. Beraz, ziurrenik, txapela lortuko du seniorretako partidua irabazten duen taldeak.
Finala, igandean izango da, Atano IIIgarrena pelotalekuan, 10:30etatik aurrera.