Ane Lujanbio
ELIZA atzekaldeko Txirri izeneko frontoia berezia zen. Ohiko frontoiek ez dituzten txokoak zituen honek, eta frailea, tanborra, baxarria, txirria, koxka edo leihoa bezelako zirrikituek, frontoi entretenigarria bihurtzen zuten. Jokoa bizia izaten zen frontoi honetan, pelotak leku batean edo bestean jo, eta alde desberdinetara zuzentzen baitzen. Txikiteo izeneko modalitatea ere jokatzen zen bertan, eta tantoa galtzen zuenak, txikita (bost zentimoko baliokoa) bat eman behar zion irabazleari. Joko honen hasiera 1918.urtean kokatzen da, baina Txapelketak antolatzen beranduago hasi ziren, 1923an, hain zuzen. Bikotekako Txapelketa hauen finala San Joanetako festetan ospatzen zen, eta lehenengo txapeldunak Zumalakarregi eta Zubiria izan ziren. Txirrian 1946an jokatu zen azken txapelketa, eta azkenekoan, Urruzola eta Zugastik irabazi zuten finala.
‘Torneo Interjuventudes Parroquiales’
Txirrian jokatzen ziren Txapelketen bukaerarekin, ordea, beste Txapelketa garrantzitsu bati eman zitzaion hasiera.
1946an bertan, Torneo Interjuventudes Parroquiales izena zuen Pelota Txapelketa jarri zen martxan. Txapelketa hau probintzia mailakoa zen, parejetakoa, eta afizionatu mailakoa. Antolatzailea, Hernaniko Luistarren Kongregazioa zen. Gure herriko Torneo hau, Gipuzkoako lehena eta ospetsuena izan zen.
Aurreneko Torneoak, Luistarren Txapelketak, garrantzitsua izateaz aparte, bazuen ezaugarri berezi bat: parte hartzen zuten pelotariei jartzen zitzaien baldintzetako bat ezkongabea izatea zen, beraz, ezkondutako gizonak ezin ziren aurkeztu. Eta bestalde, errepresentatzen zuten herriko Luistarra izatea eskatzen zitzaien pelotariei.
Udaberrian hasten zen Torneoa eta igandero partiduak jokatzen ibili ondoren, finala ekainaren 21etik gertuen zegoen igandean jokatzen zen, egun hau baita Luistarren patroiaren eguna. Finala ospatzen zen eguna, egun haundia izaten zen. Goizeko zazpietan ematen zitzaion hasiera, Kongregazioko meza ospatuaz. Zortzietan, berriz, Diana izaten zen txistulariekin eta Musika Bandarekin. Hamarretan Meza Nagusia izaten zen, eta eguerdiko hamabietan, pelota partidu amistosoa jokatzen zen, normalean pelotari profesionalen artean. Arratsalderako uzten zen Torneoko finaleko partidua, eta hau 17:00etan hasten zen. Eguna bukatzeko, finalaren ondorengo sari banaketa eta gero, gaueko hamarrak arte erromeriaz gozatzeko aukera izaten zen.
Torneo honek zuen ospea eta egun hartako programa zein zen jakinda, ez da harritzekoa Tilosetako pasealekua jendez gainezka egotea. Izan ere, txapelketa honetan herri askotako pelotari onenak biltzen ziren, adibidez: Zumaiako Etxabe Anaiak, Andoaingo Usandizagatarrak, Zarauzko Lazkano eta Aristi, Hernaniko Karrera, Lujanbio, Salaberria eta Ansa, edo Azkoitiako Atano X.a, batzuk aipatze arren.
1946. urtean hasitako edizioak, Ezkerpareta izeneko frontoian jokatu baziren ere, baina 1951an ez zen Txapelketarik jokatu, frontoia erori egin zelako. Orduan eraiki zen gaur egun ezagutzen dugun frontoia.
Txapelketaren
sistema
Txapelketa aurrera eramateko formula, hau izaten zen: hasieran hamasei bikote izaten ziren, antolatzaileek osatzen zituztenak, eta zozketaz osatutako eliminatoriazko partidu bat jokatzen zuten. Hortik ateratzen ziren zortzi bikote irabazleekin, berriro zozketaren bidez, bi talde osatzen ziren, bakoitza lau bikotekoa. Hauen artean semifinaletarako igoera jokatzen zuten, denak denen kontra. Eta talde bakoitzeko bikote irabazleak finalera pasatzen ziren. Finalera pasa ez, baina talde horietan zeudenen artean, aldiz, 3. eta 4. postuak jokatzen ziren finaleko egun berean, baina hauek eguerdiko 12:00etan.
Txapelketan aldaketak
Luistarren Pelota Torneoak izugarrizko ospea eta oihartzuna izan zituela esan dugu, baina gainbehera ere ezagutu zuen. Arrazoi desberdinengatik, pelotari askok Torneoan jokatzeari utzi zioten, batzuk profesionaletara pasa zirelako, eta beste batzuk, berriz, ezkondu egin zirelako, eta, beraz, arautegiaren arabera, ezin zutelako parte hartu. 1957an, egoera makal hau ikusita, arautegia aldatzea erabaki zen. Ordutik aurrera, ezkonduek ere parte hartu ahal izan zuten, eta Gipuzkoaz aparte, baita Nafarroa, Bizkaia, Araba eta Errioxako pelotariek ere. Hau horrela, Tilosetako frontoitik, orduko afizionatu mailako pelotari onenak pasa ziren: Retegi I.goa, Nalda, Bengoetxea, Pierola, Ezponda, eta abar.
Txapelketak irauten zuen bitartean, igandero giro ederra izaten zen herrian, eta jende pila gerturatzen zen Hernanira. Partiduak ikusteko garaian, ikusleentzako altura desberdinetako bankuak jartzen zituzten antolatzaileek, hobeto ikusteko. Euria egiten zuen egunetan, frontoian zerrautsa botatzen zuten, eta erratza pasa, frontoia lehortu arte.
Urtetako ospearen ondoren, zoritxarrez, Luistarren Pelota Torneoa ahulduz joan zen, guztiz desagertu zen arte. Asko dira urte luze haietan pelota txapelketa honen inguruan bizi izan ziren anekdotak, eta batzuk gogoratu nahian, Daniel Karrerarekin hitz egin dugu.