OSTIRALEAN atera zen Marian Beitialarrangoitia alkatearen aurkako epaia, eta Auzitegi Nazionalak urtebeteko kartzela zigorra eta zazpi urteko inhabilitazioa ezarri dio. Alkatearen defentsak, epaiaren kontrako errekurtsoa aurkeztuko du.
Epaia salatzeko eta Alkateari babesa emateko, Ezker Abertzaleak manifestazioa deitu zuen atzo. Martxa hasi aurretik, herritar asko bildu ziren Udaletxeko arkupetan Ezponda alkate ohiaren eta Marian Beitialarrangoitiaren hitzak entzutera. Ezpondak salatu zuen epaia emateko orduan Auzitegi Nazionala azkar ibili dela eta herritarrak direla horri erantzuna eman behar diotenak: «Auzitegi Nazionala presaka ibili da epaia ahalik eta azkarren emateko. Orain, herritarrok gara elkartu eta horri erantzuna eman behar diogunak. Orain arte egindako guztia ez da nahikoa eta borrokan jarraitu behar dugu»
Ondoren, Alkateak hartu zuen hitza eta adierazi zuen garbi dagoela epai honekin bilatzen dutena eta guztiek elkarrekin egin beharko dutela lana, pausu sendoak emanez: «sententzia hau ez da bere hutsean ulertu behar, jakin behar dugu ez dela aurrena izan eta ez dela azkena izango. Ezker Abertzalearen aurkako estrategiaren barruan ulertu behar da, ez da niri zuzenean, pertsonalki egindako erasoa. Tamalgarria den arren, maitasun adierazpen batzuei, tortura salaketei baino garrantzi gehiago ari zaie ematen, baina ez dute lortuko gu isilaraztea. Horrelako erabakiei aurre egiteko egunero lanean jarraitu beharko dugu, pausoak elkarrekin eta pixkanaka eman behar ditugu».
Ondoren manifestazioa egin zen, herriko kaleetan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!