Mendiriz mendi
URBASAK bi elementu biltzen ditu, ura eta basoa. Ustez hortik datorkio izena: Ur-basa. Kareharriz osatutako mendilerroa denez, Urbasak euri-ura xurgatu eta alboko hegaletatik isurtzen duen esponja erraldoi modura funtzionatzen du. Bitxia suertatzen da, goialdeko lautadan iturri gutxi daude. Bere hegaletan aldiz, ugariak dira iturriak eta errekak. Urederra edo Goñiko iturburuak dira horren adibide garbiak. Urbasako flora eta fauna aberastasun izugarria da. Azken ikerketen arabera hegazti eta ugaztunen artean 140 espezie desberdin baino gehiago aurki daitezke bertan. Bitxikeri bezala esan, 1962an ikusi zela Urbasan azken otsoa. Urbasako amildegien ertzetan ugariak dira baselizak. Horietako bat da Santa Marina. Inguru hau eta bertan dagoen gailurra Sakanako bailaraz gozatzeko behatoki zoragarria da. Baselizak, gaur egun, Santa Marinari egiten dio kontsagrazioa. Hala ere lehen, testu zaharrak horrela diote eta, Santisima Trinitateari egiten zion. Hori dela eta Trinitate egunean (Mendekoste igandeko hurrengo igandean) egiten da bertara erromeria. Horrez gain Trinitate eguneko aurreko asteazkenean (Pazkualaugarren izenarekin ezagutzen dena) eta uztailak 18an (Santa Marina egunean) ere egiten dira erromeriak. Ospakizun hauen antolaketa Bakaiku eta Iturmendi herriei dagokie. Bakaikuk urte bikoitietan antolatzen ditu eta Iturmendik urte bakoitietan. Hori baselizaren titularitatea bi herriena delako da. Uztailan egiten den erromeria Dantzalarre soroan ospatzen da. Aintzinatik dator ohitura hori testu zaharretan aurkitu baita horren erreferentzia: Santa Marinatik jaisten danean or eiten zan deskanso, bokautxo bat eta ardo pixkat iateko eta orregatik dantzalarrea.
Ibilbidearen deskribapena
Iturmendiko plaza gurutzatu (534m) eta hegoaldera doan kalea hartuko dugu. Kalearen amaieran eskuinera jo eta baskula munizipalaren albotik igaroko gara. Zuzen jarraitu eta garbitegi atzetik irteten den zementuzko pista hartu behar da. Pistak garbi-garbi hegoaldera egiten du. Urbasako harkaitzak aurrean ditugula, pistak emeki gorantz egiten du. San Pedro baselizaren albotik pasatuko gara. Apur bat aurrerago, pistaren amaieran, eskuinera, egin behar dugu.
Bide estuago batetara pasatzen gara. Bidea jarraituz, laster ataka bat aurkituko dugu. Gurutzatu ondoren bideak basora eramaten gaitu. Basoan sartu eta berehala Angiturritako iturrira iritsiko gara. Bideak gora egiten jarraitzen du, zabala da eta nahiko erosoa.
Aurrerago beste iturri batekin Santa Marina iturriarekin (950m) topo egingo dugu. Bidean aurkitzen diren marka hori eta zuriak jarraitu behar dira. Apur bat gorago Urbasako soroak ikusiko ditugu. Oso hurbil dago bidearen amaiera. Azken malkartxo harritsu bat igaro eta goiko soroetan gara. Santa Marinako baseliza hurbil da. Gailurra bere atzean dago. Iturmendiko ataka igaro eta baselizara joan baino lehenago hemendik hurbil, 500 m inguru, dagoen Harriaundi izeneko trikuharrira joango gara. Bidegurutzean poste indikatzaile bat aurkituko dugu.
Santa Marinako (1.060m) baseliza eta aterpea. Aterpeak tximinia eta mahai bat ditu, eguraldi txarra suertatzen denerako leku aproposa hamaiketakoa egiteko.
Hemendik Jentilen zuloak ikusten dira. Harkaitzean eginiko zulo batzuk dira. Zuloek eta arrokak harkaitzean zerbait bilatzen ari den hartz baten forma osatzen dute. Benetan bitxia.
Baseliza utzi eta gailurrera egingo dugu. Ehun metro eskas egin ondoren, bertan gara (1.068m). Gailurrean hainbat ikastolek Euskaraz Bizi-ri eskainitako oroigarri bat dago ipinita.
Nola iritsi
N-1 errepidea hartu Gasteizko norabidean. Altsasun, ezkerrera egin eta Sakanako autobidea (A-10) hartu Iruñeko norabidean. Kilometro batzuk aurrerago, Iturmendira eramango gaituen irteera aurkituko dugu. Herrian sartu eta plazan aparkalekua aurkituko dugu.