marian Beitialarrangoitia Alkateari urtebeteko kartzela zigorra eta zazpi urteko inhabilitazioa ezarri dizkio Auzitegi Nazionalak, 2008ko urtarrilaren 12an Iruñeako Anaitasunan, EAE-ANVren ekitaldi politiko batean egindako adierazpenengatik. Zehazki euskal preso politikoei eta bereziki Igor Portu eta Mattin Sarasolari «maite zaituztegu» adierazteagatik, terrorismoa goratzea leporatu diote. Alkatearen defentsak epai honen kontrako helegitea aurkeztuko du. Espetxe zigorrari dagokionean, epaiak aurrera egingo balu, Marian Beitialarrangoitia ez litzateke espetxera joango, 2 urte baino gutxiagoko zigorra delako.
Komunikabideen bidez
Marian Beitialarrangoitiak azpimarratu duenez, beste behin ere komunikabideen bidez izan du epaiaren berri. Azaldu duenez, ez du epaiaren berri izan ofizialki. Hori dela eta, epaia irakurri arte baloraziorik egin ezin duela azaldu du.
Epaia, ikuspegi juridikotik ikusita, espero ezin zitekeela adierazi du Alkateak; baina politikoki baloratuta, «gai honek izan duen jarraipena ikusita eta guzti hau kriminalizatzeko izan den ahalegina ikusita», espero zuela adierazi du, «euskaldunon sektore bat ohituta gaude Auzitegi Nazionaletik sententzia politikoak jasotzera». Horrekin batera salatu du, prozesu honen atzean helburu garbi bat dagoela: «ni Alkatetzatik kentzea».
Bestalde Alkatearen iritzira, «epai hauek ez dute laguntzen bizi dugun egoera politikoa gainditzen».
Pertsona guztien giza eskubideak defendatu behar direla ere nabarmendu du Alkateak, eta tristea iruditzen zaio «tortura zantzuak izan direnean, indar gehiago jartzea torturen inguruko deklarazioak egin dituen pertsonaren aurka egiten, tortura kasuak argitzen baino». Bukatzeko, orain artean bezala lanean jarraituko duela adierazi du Hernaniko Alkateak.