«Lehen bidea dena lohia zen eta Porturaino abarkakin joan, han abarkak kendu eta zapatak janzten genituen»

Kronika - Erredakzioa 2009ko eka. 6a, 02:00

MARITXU  Arregi Mendipen bizitua da bere denbora guztian. Tilosetako dantzaldian ezagutu zuen Martin Fernan­dez senarra eta Mendipen bertan bizi dira. Urteak joan dira eta auzoa ondo ezagutzeaz gain, nola aldatu den ere ikusi dute. Kronikari esan diotenez, erreparo piska bat ematen die omenaldiak, baina pozik hartuko dute.

Maritxu ere Arriatsun ikasia
Maritxuk Arriatsun ikasi zuen eta oroitzapen on asko ditu lagunenak eta. «Baina ez hain ona irakasleena, oso zorrotzak baitziren; generalean erdaldunak izaten ziren, Tolosakoren bat ere izan zen, hura euskalduna zen; baina gallega bat ere izan zen. Go­gorrak ziren gurekin, baina orduko gurasoentzat haiek ziren maixu onak». Orain baino liburu gutxiago izaten zirela ere akorda­tzen da, «entziklopedia bat genuen eta han azaltzen zen dena: matematika, Historia de España, Historia Sagrada, Gra­matika... dena. Gero aparte, ka­ligrafia koadernoa ere ba­genuen, oso inportantea zen kaligrafia orduan». Goiza eskolako kontuekin ematen zuten eta arratsaldea bestelakoetan, «arratsaldero laboreak egiten genituen, bainika eta horrelakoak, 14:00e­tatik 16.00etara; hori neskek. Mu­ti­lek berriz, dibujo eta horrelakoak egiten zituzten».

Errekreoan baratzan lanean
Maritxu akordatzen da maistrak baratza jartzen zuela Arriatsun bertan, «eta guk egin behar izaten genuen, errekreo garaian. Mutilak Itsasburura bidaltzen zituen zimaur bila».

Bidea auzolanean konpondu
Auzoa asko aldatu den galdetuta, Maritxu ondo akorda­tzen da bidea dena lohia zenekoa, «Porturaino abarkekin joan, han abarkak kendu eta zapatak janzten genituen. Portu baino lehentxeagoko etxean uzten genituen; amaren izeba bat bizi zen han eta Izeba Rafaelanea esaten genion etxeari, hantxe uzten genituen, ate atzean. Martin ondo akordatzen da bidea auzolanean konpontzen zutela, «Udalak harria ekarrita». Arriatsuko bidean eskarbila botatzen zutela gogoratzen du Maritxuk. «Orduan papeleratik ateratako kondarrak botatzen zituzten errioaren beste aldeko bidean eta Bide Beltza esaten genion hari». Haren tankerako eskarbila botatzen zuten Arriatsuko bidean ere, hango zuloak eta betetzeko. «Besterik ez zegoen. Kotxerik ere ez zen ibil­tzen hemen, Portun ikusten bagenuen baten bat, begira geratzen ginen».

Urik ere ez garai batean
Garai batean urik ere ez omen zuten eta etxe ondoko putzutik hartzen zuten. Garai batean argindarra 125 zela ere gogoratzen dute eta 220 jar­tzeko «guk ordaindu behar izan genuen parte bat».

Sagardoa Bandoan iragarri
Garai batean ez omen zen hainbeste sagardotegi auzoan; ku­pel bat edo bi izaten zituzten eta bi asteburutan edo irekitzen zuten. Orduan, sagardotegiren batean sagardoa zutenean, jai goizean, mezaren ondoren, Bandoa jartzen zuten eta bi asteburutan bukatuko zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!