«Arriatsura joaten ginen eskolara; huraxe zen gure unibertsitatea»

Kronika - Erredakzioa 2009ko eka. 6a, 02:00

JAVIER  Mendizabal Tolarieta baserrian jaio zen orain dela 67 urte; hil honen 16an 68 urte egingo ditu. Maritxu Erroi­zenea berriz, Fagollagan jaio eta Martutenen bizi ondoren, Tolarietara ezkondu zen. Festetan «ondo pasatzeko» asmoa dute; eta Mari­txuk aitortu duenez «pasa­tzeko desia­tzen nago, nerbiosa jartzen bainaiz». Gaur eta bihar Arri­a­tsun izango dira. Festetan gehien gustatzen zaiena biei, abere dema da. Demazaleak dira eta Asti­garragara, Oiartzu­nera eta Ergobira joaten dira, besteak beste, urtero.

Javier Arriatsun ibilia
Javier ere, auzoko gehienak bezala, Arriatsun ibilia da, «huraxe zen gure unibertsitatea». 8 eta 12 urte bitartean joan omen zen eskolara eta zein oroitzapen dituen galdetuta, halaxe erantzun du: «Belarrondoko batzuk eta... premia ere igual izango ge­nuen; goizean Cara al Sol kantatu eskolara sartzeko eta... Maistra kastellanoa genuen, Señorita Dionisi, ez genuen asko ikasi; gogorra zen, ona zen erakusten, asko zekien, baina gogorra zen. Gero Señorita Pura etorri zen, hura motelagoa-edo zen, bestea bezalakoa ez behintzat».

Eskolara joan eta baratzan gustora
Javier akordatzen da baratza ere egiten zutela Arriatsun, eta kazkarrekoak jasotzen zituelako edo, baina «hantxe aritzen ginen, porruak landa­tzen eta; gu gustora han, eskolan baino nahiago».

Auzoa gutxi aldatu
Maritxu eta Javierren ustez, auzoa ez da gehiegi aldatu; etxe berri batzuk eta bai, baina jende gehiena auzokoa da. Sagardoa ia etxero Sagardotegiei buruz galdetuta, garai batean ia etxero sagardoa izaten zela erantzun dute. Javierrek gogoratzen du Ostiral Santu Egunean, me­za ondoren, Argindegira joan eta basoka sagardo ematen zietela, «neska egoten zen kupel ondoan, hark betetzen zuen basoa eta hark ematen zizun. Gero bola edo tokan jo­katu eta galtzen zuenak haiek pagatu behar izaten zituen». Javierrek ez omen zuen ezagutu, baina etxean entzun izan omen du, beren aitona baratzera joan, artajorrara, eta martxa egin izana, «astebete Pardiola sagardotegira eta hantxe pasa astebete, eta andrea joaten zitzaion arropa garbiarekin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!