AURTENGO txotx denboraldiak eman beharrekoak eman ditu eta orain balorazioa egiteko garaia da. Hain zuzen ere, duela gutxi Txotx Batzordeak denboraldiaren balorazioa egin du eta orokorrean, oraindik gauzak hobetu behar direla ikusi arren, asko hobetu dela ikusi dute, eta ondorioz, bide beretik jarraitzea erabaki dute.
Alde positibo asko
Batzordearen esanetan, alde positiboen artean honakoak aipatu behar dira, «ñabardurak ñabardura»: apenas ikusi da kristalik kalean, tabernek ordutegiak ondo errespetatu dituzte, askok erabili dute autobusa sagardotegietara hurbiltzeko eta Udalak hartutako neurriak, denboraldia eramangarriagoa izateko, eragina izan dute, «batzuetan motz geratu badira ere».
Hernanin ez pasa
Joan den urtean kanpaina egin zuten, komunikabideetan eta, Hernanin ondo pasa bai, baina errespetuz ibili behar dela esanez, eta aurten ere kanpainarekin jarraitu dute, eta mezua «askorentzat ezaguna egiten ari da, baita herritik kanpo ere». Hala ere, batzordeak onartu du oraindik ez dela guztiz desagerrarazi kalean pixa egiteko ohitura, «iaz jarritako isunek izan dute eragina zenbaitengan eta aurten ere beste dozena bat isun jarri dira».
Edaten ez dakitenen gehiekikeriak
Bestalde, txostenean dio borrokak, taberna barrutan eta kalean kalte asko izan direla, eta «tabernariek, etxe jabeek eta Udalak jasaten dituztela edaten ez dakitenen gehiegikeriak». Kalte gehienak materialak izan dira; borroka bat galarazten saiatu zen udaltzain bat ere zauritua izan zela gogoratu du.
Hala ere, batzordeak uste du, gehiegikeri hauek ez dutela harreman zuzena txotx denboraldiarekin, jende andana biltzearekin baizik.
Larriena bortxaketa saiakera
Batzordeak adierazi du otsaileko bortxaketa saiakera izan dela gertakaririk «larriena eta kezkagarriena, zalantzarik gabe», hala ere, batzordeak ez du uste zehazki txotx denboraldiarekin lotu behar denik gertaera. Baina ez du aipatu gabe utzi nahi izan.
Horiez gain, alkoholaren kontsumoak eragiten dituen arazoek kezkatzen dituzte, «eta adin txikikoak hau kontsumitzen ikusteak zer esanik ez»; horregatik, adin txikikoei edariak ez saltzeko eta bestelako konpromezuak betetzeko prest azaldu dira.
Jatea eta edatea
baino gehiago
Txotx batzordeak sagardoaren kultura jatea eta edatea baino gehiago dela adierazte aldera, kultur ekintzak antolatzen dira denboraldian zehar, «urtez urte egitaraua osatuago dago, eta harrera ona dute ekitaldiek, adibidez Sagar Lasterrak urtez urte parte hartzaile gehiago ditu.
Krisia nabaritu da
Batzordeak adierazi du aurten martxoan etorri direla bisitari gehien, eta krisialdia nabaritu dela sagardotegietan eta bisitari kopuruan, «baina ez espero zen neurrian», beheranzko joera aurreko urtetatik zetorrelako. Aste barruan oro har jende gutxi ibili da «apenas antzematen genuen txotx denboraldian geundela», eta asteburuan bisitariek egunez ibiltzeko joera hartzen ari dira, «lanak izan dituzte sagardotegietan denei bazkaltzen ematen, ez hainbeste afari garaian».