Partidu bakarra irabaztea nahikoa du Hernanik gaur, finalera pasatzeko

Kronika - Erredakzioa 2009ko eka. 5a, 02:00

FINALERAKO pasea esku eskura du Hernanik, gaurko hiru partiduetatik bakarra irabazita, pasea lortuko bailuke. Azpeitiaren kontra jokatuko du, etxetik kanpo, finalerdietako bueltako partidua. Joanekoa aurreko astean jokatu zuten, herrian, eta Hernani nagusitu zen, 2-1, kadete eta jubeniletako partiduak irabazita.

Jubeniletan eta seniorretan pelotari berak
Jubenilen eta seniorren partiduetan, joaneko partiduko pelotari berak mantenduko ditu Oiaga entrenatzaileak. Jubeniletan, Arrieta eta Aizpitartek jokatuko dute. Joaneko partiduan erraz irabazi zuten, 22-8. Seniorretan, Ojuel eta Gorrotxategik jokatuko dute. Joaneko partiduan, jokatutako hiru partiduetatik interesgarriena hau izan zen. 22-15 galdu zuten arren, Gorro­txategi atzean nagusi izan zen, nekeak eragin zion arte eta Ojuelek partiduko tanto ederrenak egin zituen. Kadeteetan berriz, Mur­giondo atzelaria arazo fisikoekin dabil, eta zalantza da. Errekuperatzen bada, berak jokatuko du Lujanbiorekin batera. Bestela, joaneko partiduan bezala, Lujanbiok eta Elorzak jokatuko dute.

Azpeitiakoa pelotalekua zaila
Partiduak gaur gaueko 22:00etatik aurrera jokatuko dira, Azpeitiako Txiki pelotalekuan. Azpeitiakoa ez da pelotaleku erraza izaten Hernaniko pelotarientzat. Neurri bereziak ditu eta zaleak pelotariengandik oso distantzia gutxira egoten dira. Hortaz, presio haundia izaten da, eta aurreko urteetan jokatutako partiduetan, bertan herriko pelotariak asko sufritutakoak dira.

Hernanitik Azpeitiara autobusa
Hernaniko sei pelotariei ba­besa emateko, Pelota El­kar­teak autobusa antolatu du Az­­peitiara. Debalde izango da, eta gaur aterako da, 20:45­etan, Atsegindegitik. Par­ti­dua amai­tzean itzuliko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!