Hernanik Balmasedaren kontra hasiko du igoera faseko lehia, igandean Balmasedan

Kronika - Erredakzioa 2009ko eka. 4a, 02:00

DENBORALDI paregabea egin ondoren, Hernanik igandean ekingo dio on­do merezitako saria jasotzeko bideari. Bigarren geratu da Goren­goen mailako ligan, eta igandean jokatuko du igoera faseko aurreneko neurketa. Par­tidua Balma­sedaren kontra jokatuko du, arratsaldeko 17:00etan, Bal­masedan bertan.

Bizkaiako eta Arabako bigarrenen kontra
Hirugarren mailara igotzea du helburu Hernanik, eta horretarako igoera faseko bi partidu jokatu beharko ditu. Igoera fasea jokatzen dute Gi­puz­koako, Bizkaiako eta Ara­bako Gorengoen mailako ligan bigarren geratu direnek. Aste bukaera honetan Her­nanik Balmasedan jokatuko du, etxeko taldearen kontra. Datorren astean berriz, hilaren 14an, atsedena izango du; beste bi taldeek, Vitoriak eta Balmasedak elkarren kontra jokatuko baitute. Az­kenik, igoera faseko azken partidua etxean jokatuko dute txuri berdeek, hilaren 21an, Vi­to­riaren kontra.

Igandean irabazteko premia
Hirugarren mailara igotzeko aukera bakarrik izango luke igoera fasean txapeldun gera­tzen denak. Hortaz, ia beharrezkoa da bi partiduak irabaztea. Igoera fasea bukatutakoan, bi taldek bukatuko balute bina partidu irabazita, gol averagea hartuko litzateke kontuan. Aldiz, igoerako partidu guztiak bukatuta, hiru taldeek puntu banarekin bukatuko balute, baita ere gol averagea hartuko litzateke kontuan.

Lagun Onaken eta Amurrioren emaitzaren zain
Hala ere, gerta daiteke igoera fasea irabaztearekin nahikoa ez izatea. Hirugarren mailan jokatzen euskal talde kopuru jakin batek egon behar du, orekatua izateko. Aurten, Sanse Bigarren B mailatik Hirugarrenera jaitsi da, eta hortaz, aukerak gutxitu egin dira. Beraz, Hernanik igoera fasea irabaziko balu beste bi emaitzen zain geratu beharko luke. Bigaren B mailako igoera fasea jokatzen ari dira Lagun Onak eta Amurrio taldea, eta biek igoera lortu beharko lukete, Hirugarren mailan beste talde batentzako lekua izateko. Hala ere, ziurrenik, igoera faseko azken partidua jokatu arte ez da jakingo Lagun Onakek eta Amurriok igoera lortuko duten ala ez.

Amurriora joateko autobusa
Jon Loran CD Hernaniko ar­du­radunak adierazitakoaren arabera, «taldea oso gustura dago egindako deboraldiarekin, eta lortutako emaitzak lan askoren ondorena izan dira». Loranek baita ere azpimarratu nahi izan du zaletuen babesa, eta horragatik, jakin arazi du CD Hernanik autobusa antolatu duela Bal­masedara joateko. Autobusa igandean aterako da, 14:30­etan Atsegindegitik. Debalde izango da eta izena emateko Rioja tabernaitk pasa behar da, ostiral gaua baino lehen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!