AZKENALDIAN izan diren bero sargoriekin bati baino gehiagori etorriko zitzaion burura hondartzara, errekara edo igerilekura joateko plana. Ur parkeko ur salto, putzu eta gainerakoetan ibiltzea gustoko duenak datorren astean izango du aukera, ekainaren 9an, asteartean, irekiko baititu ateak Mendi-mendiyango ur parkeak. Aurreneko asteetan, astean zehar arratsaldez irekiko dute. Hau da, ekainaren 9tik ekainaren 20ra, astez, arratsaldez izango da irekita, 15:30etatik 20:30etara. Ekainaren 13 eta 14ko asteburuan, egun osoan izango da irekita, goizeko 11:00etatik 20:30etara. Ekainaren 20tik aurrera, egunero, egun osoan zehar izango da irekita, goizeko 11:00etatik 20:30etara. Ur parkea irailaren 13an itxiko dute.
Zenbait obra
Kirol patronatutik jakinarazi dutenez, ur parkea ireki aurretik hainbat obra burutu dituzte. Alde batetik, igerileku inguruko baldosak aldatu dituzte, jendea ez irristatzeko. Beste alde batetik, aldageletako lurrean egin dituzte obrak. Azaldu dutenez, ur putzuak sortzen ziren aldageletan eta uraren ondorioz, lurra itsusitzen ari zen.
Taberna eta liburutegia
Ur parkea ireki zenetik, hainbat zerbitzu eskaini izan dira. Aurten ere taberna, etxetik eramandako bazkaria jateko mahaiak, liburutegia eta sokorristak izango dira.
Tabernak orain artean eskaini izan duen zerbitzua eskaintzen jarraituko du, alegia, pizzak, bokatak, pintxoak eta bestelako litxarkeriak, baita edariak noski.
Liburutegi zerbitzua uztailetik aurrera jarriko da martxan. Egurrezko txabola moduko bat jartzen dute eta bertan, nobelak, aldizkariak, komikiak eta umeentzako ipuinak eskuratu ahal izango dira. Nahi izanez gero, maileguan ere hartu ahal izango dira etxera eramateko.