Hernanitik Goizuetara mendi martxa antolatu du Txinparta taldeak, ekainaren 6an

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 30a, 02:00

Izena ekainaren 4a arte, osteguna, emateko aukera izango da, taldeko norbaiti esanda.

Urteroko moduan, Txinparta taldeak mendi martxa antolatu du Her­nanitik Goizuetara. Aurten martxa antolatzen duten 34garren aldia da Irteera ekainaren 6an egingo dute, datorren asteko larunbatean, eta goizeko 07:00etan abiatuko dira Plaza Berritik. Azketako iturrian egingo dute aurreneko geldiunea, hamaiketakoa egin eta indarrak berreskuratzeko. Ondoren Erre­kalko parajetan Mahairubaratza ikusiko dute, eta Goizuetara eguerdiko 13:00ak aldera iritsiko dira. Bertan autobusa izango dute zain, eta Hernanira itzuliko dira, Txantxangorri elkartean bazkaltzera. Mendi martxaren aitzakian, bailara ere ezagutzen dute, eta aurten Fagollagako Aingura fabrika ezagutuko dute.

Bazkaritan sagardo txapelketa

Bazkaltzen duten bitartean, sagardo txapelketa egingo dute, aurtengoarekin, 12garren aldiz. Txapelketarako bakoitzak bi sagardo botila eraman behar ditu, nahi dituen lekukoak. Bazkalondoren, sari banaketa egingo dute. Martxan eta bazkarian parte hartu nahi duena, ekainaren 4ra arte, osteguna, izango du izena emateko aukera. Izena emateko Txinparta taldeko kideren batekin jarri beharko du kontaktuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!