OSIÑAGAKO jaiak gainean ditugu dagoeneko, eta festa giroan murgiltzen hasteko mus txapelketa izango da gaur. Arriatsuko eskolan izango da tapelketa, arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Bikoteak momentuan bertan eman behar dute izena, eta 10 euro ordaindu behar dute. Txapelketa gaur hasi eta gaur bukatuko da. Mus txapelketako bikote onenak bi urdaiazpiko eta trofeoak irabaziko ditu; bigarren geratzen denak arkume eder bat eta trofeoak; eta hirugarren eta laugarren geratzen direnek txuletak irabaziko dituzte.
Festen txupinazoa larunbatean
Festak ofizialki datorren hasteko larunbatean hasiko dira. Azken urte guzti hauetako tradizioari jarraituta, goizeko 10:00etan Mountain bike lasterketa izango da umeentzat, auzoan zehar. Ondoren, partehartzaile guztiek indarrak hartuko dituzte txupinazorako, Arriatsun izango den hamaiketakoan. Txupinazoa eguerdiko 12:00etan izango da, eta suziria lehertu bezain laister haur jolasak izango dira. Eguerdiko 14:00etan, auzoko antolatzaileek bazkaria izango dute.
Arratsaldean abere dema ikusgarria
Arratsaldeko 17:00etan hasita, jendetza biltzen duen abere dema ikusgarria izango da Arriatsun. Aurrez aurre izango dira Imanol Paollaren zaldia eta Urnietako Azkonobietaren behorra. 800kg harriarekin egingo dute dema. Demaren ondoren, auzokoen arteko pelota partiduak izango dira, final aurrekoak. Segidan, bertso saioa izango da Hernaniko eskolako bertsolariekin. Arratsaldeko 19:30etan sagardo eta bakailu dastaketa izango da, Doinu Zaleko taldeak girotuta. Gauean berriz, parrandarako gogoa duenak izango du aukera, 23:00etatik goizaldera arte dantzaldia izango baita Laiotz musika taldearekin.
Igandean bazkaria
eta herri kirolak
Igandea festetako azken eguna izaten da eta, egun berezia izaten da auzotarrentzat. Eguerdiko 12.00etan auzokoak gogoratuko dituzte beheko zubian. Ondoren pelota partiduko finala jokatuko da. Bazkaldu aurretik Osiñaga Jazz Band-en emanaldia izango da, eta segidan Telleria eta Peñagarikano bertsolariak arituko dira bertsotan. Eguerdiko 14:00etan bazkari herrikoia izango da, Arriatsun. Bazkari berezia izaten da hau auzotarrentzat, urtean behin auzoko bizilagun guztiak biltzeko aitzaki polita izaten baita. Bazkalostean auzo kirolak izango dira. Indarrak ondo berreskuratu ondoren, auzotarrak zein baino zein arituko dira trontzan, txinga eramaten, soka tiran, zaku karreretan eta abar. Auzokoek kirola egiten duten bitartean, bertsolariek festa girotuko dute. Aurtengo festei amaiera Xapre taldeak emango die, egun osoan zehar giroa alaitzen arituko den taldeak.