AMHER-SOS Arrazakeriak, Europar Hauteskuendeei begira eta inmigrazioari dagokionez, bere salaketa luzatu nahi izan du. Elkartearen esanetan, «inmigranteek, dituzten zailtasunez gain, ez dute aukerarik beraiei zuzenean eragiten dieten erabakiak hartzen diren parlamenturako bozkatzeko.
Gauzak horrela, AMHER-ek dei egin die herritarrei, hauteskunde egunean herritarrek beren botoa etorkinei emateko.
Inmigranteak hitzik gabe
Arrazakeriaren aurkako elkarteak adierazi du, herritar asko ez direla joango bozkatzera, nahiz eta eskubidea izan, baina beste asko, «Europar Batasunetik at sortutako inmigrante ugari geldituko dira parte hartu nahi eta ezinik, legalki hemen finkatuta badaude ere». Eta salatu du ez datorrela bat Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak dioenarekin, alegia, «edozein arraza edo jatorriko gizaki orok» duela bozkatzeko eskubidea.
Beraiei eragiten dien erabaki asko
Elkarteak salatu du etorkinek egunero zailtasunak bizi dituztela, eta hori gutxi balitz, «bozkatzeko eskubidea ere ukatu» egiten zaiela. Eta horren ondorio zuzenak ditu inmigrante guzti horiek ez baitute zer esanik Europako parlamentuan erabakiak hartzen dituzten ordezkariak aukeratzeko garaian, eta «erabaki horiek ez dira hutsalak, askotan bereziki beraiei eragiten diete zuzenean».
Botoa emateko deia
AMHER elkarteak dei egin die herritarrei hauteskunde egunean, beren botoa emateko bozkatu ezin duten etorkinei. Horretarako, 12:00ak aldera joango dira Biterira. 2007an egin zen bezala, oraingoan ere hainbat hernaniarrek botoa emango diete boto eskubiderik ez duten etorkinei. Informazioa AMHER-en bulegoan: Latsunbe 42, 09:00etatik 13:00etara, 943 336 071 telefonoan edo amher-sos_racismo@hotmail.com helbidean.