Europako herritarrek datozen egunetan Europar Parlamentuko 7garren legegiltzaldirako hautagaiak aukeratuko dituzte, Estatuan hilaren 7an, igandearekin. Gaur egun 27 estatuk osatzen dute Europar Batasuna, 491 milioi pertsona biltzen dituena. Horietako 375 milioi lagunek bozkatu dezakete datorren asteburuan, horietako 36 milioik lehenengo aldiz. Egun indarrean dagoen Nizako akordioaren arabera, 736 eurodiputatu izango dira Europako Parlamentuan, eta horietako 50 Espainiako Estatukoak izango dira. 2007ko Lisboako akordioa indarrean jarriko balitz berriz, 751 parlamentario izango lirateke Europan, horietako 54 Espainiakoak. Lisboako akordioa legegintzaldia martxan jarri eta gero onartuko balitz, falta diren parlamentarioak gehituko lirateke, beti ere hauteskundeetako emaitzei kasu eginez.
Hautagaiak elkar hartuta
Hauteskundeetara normalean betiko alderdiak aurkezten dira, hala ere, Europako hauteskundeek badute berezitasunik, nabarmenena, alderdi askok elkar hartzen dutela, indarrak metatze aldera. Hala, esate baterako, Espainiako alderdi sozialista, PSOE, PSCrekin batera aurkeztuko da eta Europari begira Partido Socialista Europeo alderdia osatuko dute; Alderdi Popularra ere bakarrik aurkeztuko da. Beste alderdi asko ordea, elkar hartuta aurkeztuko dira, asko Estatu mailako beste alderdiekin, esate baterako Aralar eta Eusko Alkartasunak bat egin dute beste alderdi mordoska batekin (ERC, BNG, CHA, eta abar) eta denak Europa de los Pueblos-Verdes izenpean aurkeztuko dira. Ezker Batua alderdia La Izquierda izenpean aurkeztuko da, beste hiru alderdirekin bat eginda. PNV alderdiak berriz bat egin du beste alderdi mordoska batekin (CDC, UDC, BNV eta abar) eta Coalición por Europa izenpean aurkeztuko dira Europan. Ezker Abertzaleko ordezkariek botoa eskatu dute Iniciativa Internacionalista alderdiarentzat. Alderdi hau Espainiako ezkerreko hainbat alderdi eta taldek osatzen dute, besteak beste, Corriente Roja, Lucha Internacionalista edo Frente Popular Galega. Talde hauek, besteen artean, herriak autodeterminatzeko eskubidea onartzen dute. Horiez gain, alderdi eta talde mordoska aurkeztuko dira, honakoak besteak beste: Iniciativa Feminista, Falange Auténtica, Por un mundo más justo, Partido Antitaurino contra el maltrato animal, eta Partido Humanista.
Energia, migrazioa, arrantza, besteak beste
Alderdi politikoen esanetan, Europan eguneroko bizimoduan eragin haundia duten erabakiak daude jokoan. Honakoak dira aurtengo kanpainan gehien jorratuko diren gaiak: energia, finantza merkatua, garraioa, segurtasuna, zientzia, hezkuntza, kontsumitzailearen babesa, migrazioa, diskrimizazio eza eta armonizazioa. Estatuan berriz, pisu haundia hartu dute honako gaiek: energia, kontsumitzailearen babesa, emigrazioa eta inmigrazioa, eta familia eta lana uztartzea, besteak beste.
Lema, ‘Zuk aukeratu’
Aurten lehenengo aldiz kanpaina bateratua egin da Europako 27 estatuetan, baina tokian tokiko ezaugarrietara egokituta. Mezu nagusia berriz honakoa da: Europako Parlamentuan hartzen diren erabakiek eragina dute eguneroko bizimoduan; beraz, botoek erabaki-tzen dute Europak zein bide hartuko duen aurrerantzean. Horregatik aurtengo kanpainaren leloa da Zuk aukeratu.
Non dago Parlamentua
Europar Parlamentuak hiru egoitza nagusi ditu: Estrasburgo, Bruselas eta Luxenburgo, hiru horietan kokatu zirelako hasiera batean instituzioak, sortu zirenean.
Europar Parlamentuak Estrasburgon du egoitza nagusia eta han egiten dira pleno nagusiak; Bruselasen ere egiten dira pleno gehigarriak eta bereziak eta bertan bizi dira Idazkaritza Nagusian lan egiten duten langile gehienak, Parlamentuko talde politikoeetako kolaboratzaileak, esate baterako. Azkenik, Luxenburgon idazkaritza orokorraren atal bat dago.
736 diputatu Europarlamentuan
Europako parlamenturako 736 eurodiputatu aukeratuko dira datorren asteburuan Europa osoan. Horietako 50 Espainiako estatuan. Lisboako ituna martxan jarriz gero, parlamentario kopurua 751 izango da, eta Espainiako estatuko 54 parlamentario izango dira.
Gaur egun zazpi talde parlamentuan
Gaur egun zazpi talde politiko daude Europako parlamentuan. Talde bakoitzak gutxienez 20 kide ditu, gutxienez 6 herrialde ezberdinetakoak.
23 batzorde
gaiak jorratzeko
Europako Parlamentuan gaur egun 23 batzorde edo lantalde daude gai ezberdinak jorratzeko; esate baterako, arrantzaren inguruko batzorde bat dago, eta han hitz egiten dira arrantzaleei eragiten dieten hainbat eta hainbat kontu.
Estatuko 50 ordezkari Europako Parlamentuan
Europako 736 parlamentarioetako 50 Espainiako estatukoak izango dira. Horregatik, alderdi askok bat egiten dute estatu mailan, indarrak metatze aldera.
Behin botoak zenbatu eta gero, HONT sistema erabiltzen da Europako Parlamentuko eserlekuak banatzeko hautagien artean.