EA: «Hamar hilabete pasa dira Arau Subsidiarioen inguruan egiten ari den idatziaren berririk ez dugula, eta Hirigintza politika blokeatuta dagoela uste dugu»

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 30a, 02:00

iñaki arratibelek, EAko zi­ne­go­tziak, kezka adierazi du Her­naniko hirigintza planeamen­tuaren ingu­ruan, Kronikara bidalitako prentsa ohar baten bidez. Arratibelek dio azken hamar hilabeteetan Arau Subsidiarioen inguruko testuari buruzko berririk ez dutela: «Arau Subsidiarioen azken fasea osatzeko akordio bat onartu zenetik, 2008ko uztailetik, hamar hilabete pasa dira. Hain zuzen ere, azken hamar hilabete hauetan ez dugu ia berririk jaso, idatzian egin diren progesioen inguruan».

«Akordioan esaten zen hilabeteroko jarraipena egingo zela»

EAko zinegotziak adierazitakoaren arabera akordioak zioen hilabetero egiten ziren progresioen berri eman­go zela: «akordioen puntuetako ba­tek zioen jarraipen komisio bat osa­tuko zela, eta idatzian egiten ziren progresioen berri hilabetero emango zela. Esan beharra daukat jarraipena egiteko osatutako komisioa behin bakarrik bildu dela, eta modu ho­netara, hamar hilabete pasa ondoren, ez dakigu zein egoeratan dagoen testu berriaren erredakzioa».

«Hirigintza politika blokeatuta dago»

Zinegotzi nazionalistak adierazita­koaren arabera, gaur egun Her­naniko Hirigintza politika blo­keatuta dago, eta hori kezkagarria da: «Akordioaren alde azaldu ziren alderdi politikoak gaur egun zalantzan jartzen dute babes hori, eta Gobernu Taldeak ez du proiektua aurrera ateratzeko garantiarik. Testua idazteko bi urte galdu dira, eta askok uste dugu legislatura bukatuko dela hirigintza plangintza nola geratuko den adierazten duen testua idatzi gabe. Nire ustez sekretismo honek herritarrak defentsarik gabe uzten ditu, eta esango nuke hirigintza txiringitoko urterik txarrenetara bueltatzen ari garela».

Jarraipen Komisioari dei egin diete

Arratibelek jarraipena egiten duen komisioari dei egin dio, testua da­goen fasearen berri emateko, eta baita Gobernu taldeak testua onar­tzeko izango duen babesaren berri emateko ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!