Pirineoko Parke Naturalaren barruan, Iboien ibilbidea egiteko aukera uztaila amaieran

Kronika - Erredakzioa 2009ko uzt. 10a, 02:00

IBOIEN ibilbide guztia Pirineoko Parke N­a­turalaren barruan bu­rutzen da. Parke honetan oraindik noizbehinka hartza ikus daiteke. Inguru hauetan, neguan, Pirineoko Ipar eskiko zirkuitu politena izaten da, Pont d´Espagnekoa hain zuzen. Udaran ere ingurune guztia ikusgarria da. Marcadau bailara mendiko pinuz eta errekez josita dago eta beteenetan merezi du inguru hauetatik bueltaxka bat ematea. Inguru hauetan Quiñon de Panticosa (Espainia) eta Saint-Savin (Frantzia) mankomunitateek muga ezarrita daukate. Urte hasieratik uztailera fran­tziarrek dute beraien animali taldeak bazkatzeko eskubidea; abuztutik urtea amaierara berriz Espainiakoek. Walloneko aterpea Marca­dau izenarekin ere ezagutzen da. Izen hori gaztelerako mercado izenetik datorkio, antzinan hemen gauzatzen baitzituzten, udaran bi aldetako biztanleek, ganadu trukeak eta merkatuak. Ilhéou-ko lakuak 11 ha eta 20 metroko sakonera ditu. Grand Barbat eta Pic d´Arrouy mendiek osatzen duten zirkuan kokatzen da. Ilhéou hitzak laku esan nahi omen du. Laku urdina izenarekin ere ezagutzen da. Izena bere urek duten kolore urdin argi distiratsuagatik zor zaio. Bertan, baimena izanda, posible da arrantzatzea. Lakuko aterpea ekaina hasieratik iraila amaieraraino irekia egoten da.

Ibilbidearen deskribapena
Lehenengo egunean Pont d´Espagnetik (1.500 m) irten eta Gave de Marcadau bailaran sartuko gara. Irten eta handik gutxira Chalet du Clot (1.550 m) aterpe albotik pasatuko gara. Neguan eskiko pistak diren bideari jarraituz morrena glaziar bat izandako eremutik igaroko gara. Au­rrerago beste bigarren morrena glaziar bat igaroko dugu. Biak Kuaternario aroan izandako glaziazioetan zeuden glaziarren arrastoak dira. Ondoren, morrena igaro ondoren, Plateau du Cayan-eko lautadara iritsiko gara. Eremu horizontal haundi bat da, Marcadau eta Pouey-Tré­nous errekek eratutako meandro ugariz josia. Plateauaren amaieran Portèreko zubia aurkituko dugu. Zeharkatu eta, daramagun no­rantzan, bailararen ezkerreko aldetik jarraitu behar da. Bideak Estalounque-ko lautadara eramango gaitu. Ingurune guzti hau mendiko pinuz beteta dago. Pinu hauek granitoak dituen hausturetan finkatzen dira eta 800 urteko adinera irits daitezke. Bideari jarraituz Arratille eta Marcadu ibaiak elkartzen diren lekura iritsiko gara. Hemen dago Quiñon de Panticosa eta Saint-Savin arteko muga. Wallon (1.865 m) aterpera iristeko aldapa labur bat igotzea soilik geratzen da. Bigarren egunean, goizean goiz esnatu eta ongi gosaldu ondoren, aterpetik irten eta ipar mendebaldera jo behar da Lac de Neré-ko bideari jarraituz. Hasieran bideak pinu baso bat zeharkatzen du, baina berehala atzean utzi eta goi-mendietako soroetan sartzen da. Lakura iristerakoan (1 ½ ordu), bere eskuinetik zeharkatu eta bailaran gora, eskuinera, egin behar da. Aldapa gogor batekin topo egingo dugu. Hori gainditu eta gero, malda apur bat leuntzen da eta handik gutxira Lac du Pourtet-era (2.420 m) iritsiko gara (2 ½ ordu). Hurrengo helburua ipar aldera kokatuta dagoen Col du Pourtet (2.609 m) da. Lepora iritsi eta gero eskuinera jo behar da, aldapa gogor bat igo eta berehala iristen da Pic d´Arrouy-ko gailurrera (2.786 m, 4 ordu). Bertatik paisaia ikusgarria da. Ekialdera Pic de Ardien, hego-ekialdera Vignamale, hego-mendebaldera Facha eta mendebaldera Balaitús. Jaisteko, gailurretik atzera jo behar da eta Col de Pourtet-etik pasa ondoren lakura itzuli. Bailaratik behe aldera egin behar da apur bat, baina berehala ezkerrera, eki aldera, jo behar da. Altuera mantenduz Pic de Couroulanas eta Pic de Nets artean dagoen lepoa bila­tzera joango gara. Lepotik Lac de Ilhéou ikusten da. Bailara jarraituz lakura jaitsi, bere mendebaldeko aldetik zeharkatu eta lakuaren irteeran, ertz batean, dagoen Ilhéou-ko aterpera iri­tsiko gara (5 ½ ordu). Fres­ka­garri bat hartzeko leku aproposa. Bideari jarraituz zig-zagak eginez l´Escala d´Ilhéou izeneko harkaitz barrera bat jaitsiko dugu. Bertan dago Ilhéou-ko ur-jauzia. Bideari jarraituz 1 ½ ordu exkaxean Cambasque-ra iristen da (1.341m).

DATU INTERESGARRIAK
l Distantzia: 20 km. l Denbora: 3-4 ordu (1go eguna) 6-8 ordu (2garren eguna)
l Desnibela: 400 m. l Gailurrik altuena:  Pic d´Arrouy (2.785 m)
l Zailtasuna: zailtasun berezirik gabekoa.
l Beharrezko materiala:  mendiko material arrunta. l Mendiriz Mendik uztailaren 25 eta 26an egingo da irteera hau.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!