AZELERADOREA ederki zapalduta hasi dute Josetxo Zapianek eta Juan Luis Sarasolak Euskadiko Rally txapelketa. Aurreneko rallya larunbatean izan zuten, RAC Navarra Rallya. Ibilbideak Lekunberrin zuen erdi gunea, eta Saldias eta Uitziko tramoak hiru aldiz egin behar izan zituzten. Probak 212km zituen eta horietako 62km kronometratuak ziren. Rallyan 59 taldek hartu zuten parte, eta Josetxo Zapiainek eta Juan Luis Sarasolak euren Renault MaxiMegane-rekin korritu zuten. Karrera bigarren postuan bukatu zuten, aurrenekoarengandik 9,8 segundura. Irabaztear izan ziren arren, ordutegi proba batean arazoak izan zituzten, eta 20 segunduko penalizazioa jaso zuten. Proba Euskadiko eta Nafarroako Rally txapelketarako puntuagarria da.