Errugbi torneoa eta kontzentrazioa bihar, Elkartasun Egunaren bueltan

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 28a, 02:00

ELKARTASUN Eguna izango da larunbatean Hernanin, aurten laugarren urtez. Elkartasun Egunaren helburua da elkartasuna adieraztea, euskal presoei, iheslariei eta haien senideei. Horrekin batera, eskatuko dute kondena osoa beteta duten euskal presoak eta gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea. Honetaz gain, aurtengo Elkartasun Egunean bereziki salatuko dute «presoek egunero jasaten dituzten eskubide urraketak».

Errugbi torneoa eta kontzentrazioa
Elkartasun Eguna etzi izango den arren, aurretik hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Bihar esaterako, Errugbi 7 torneo herrikoia antolatu dute, eta herritarrei parte hartzeko deia luzatu diete. Bestalde, ostiralero izaten den kontzentrazioa, euskal presoen eskubideen aldekoa, ordu erdi aurreratu dute. Arratsaldeko 19:30etan izango da eta segidan, kalejiran jaitsiko dira Landare aldera, errugbi torneoko finala ikustera.

Larunbatean egun haundia
Etzi izango da Elkartasun Eguneko egun haundia, ekitaldi gehienak orduan izango baitira. Goizeko 10:30etan krossa izango da, bai umeentzako, bai helduentzako. Izena emateko Garin tabernatik pasa behar da. Eguerdiko 13:30etan Plazatik abiatuta manifestazioa izango da, eta goizean pankarta egiteko Tilosetan egin dute hitzordua. Amaitutakoan, bazkaria izango da, 14:00etan, Atsegindegin. Bazkarira joan nahi duenak Garinetik pasa behar du txartelak erostera. Arratsaldean, 16:00etan, jokuak izango dira Gazte Asanbladak antolatuta. Ondoren 17:30etan enkantea egingo dute preso eta herritarrek egindako lanekin. Ekitaldi nagusia 19:00etan izango da, Tilosetan, eta eguna amaitzeko kontzertuak antolatu dituzte, txosna eta guzti.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!