Hernani, Urnieta eta Andoain Donostiako Ospitalearekin lotzen dituen autobusak ordutegi zabalagoa izango du

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 27a, 02:00

HERNANI, Urnieta eta Andoain herriak Donostiako Ospitalearekin lotzen dituen autobus lineak ordutegi zabalagoa izango du. Arantxa Tapia Garraio Diputatuak adierazitakoaren arabera, departamentua azterketak egiten ari da zerbitzua hobetzeko asmotan: «Hernani, Urnieta eta Andoaineko herriek egindako eskaera da eta proposamena baligarria iruditzen zaigu, aurrera eraman daitekeena».

Kalitatezko autobus zerbitzua
Autobus lineak aipatutako hiru herriak, Poliklinika, Onkologikoa eta Donostiako Ospitalearekin lotzen ditu, baina gaur egungo ordutegiak eskasak geratu dira. Arantxa Tapiak esandakoaren arabera, ordutegia zabalduta herri hauetako biztanleek kalitatezko autobus zerbitzua izango lukete: «zerbitzua urteko 365 egunetara zabaldu nahi dugu, eta goizeko 07:00etatik 23:00etarako ordutegia izango luke. Modu honetara, kanpo kontsultetara edo bisitak egitera joan behar dutenek kalitatezko autobus zerbitzua izango dute».

Urte bukaerarako martxan
Zerbitzua zabaltzeko urte bukaerara arte itxoin beharko da. Diputatuak adierazi zuenez, ibilbide berria egingo duen autobus lineak autobus berriak erosi beharko ditu eta langile berriak kontratatu.

Sei hilabetetan proban
Autobus zerbitzua zabaldu ondoren, segidako sei hilabeteetan proban izango da. Ondoren, izandako jarraipena aztertuko dute, eta aldaketa batzuk egin behar izanez gero, orduan hartuko dute erabakia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!