Umeek beren hausnarketak luzatu zizkioten Udalari

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 26a, 02:00

HERRIKO bost ikastetxeetako umeek hondakinen ku deaketari buruzko hausnarketa egin dute ikasturtean zehar eta atzo, hausnarketa horiek, galderak, eskaerak eta proposamenak luzatu zizkieten Udal ordezkariei. Egitasmoan honakoek hartu dute parte: Elizatxo Ikastolako Haur eta Lehen Hezkuntza, Inmaculada Ikastetxeko Lehen Hezkuntza, Langile Ikastolako Lehen Hezkuntza, Txirrita Ikastetxeko Haur eta Lehen Hezkuntza eta Urumea Ikastolako Lehen Hezkuntza. Guzti horien ordezkariek egindako lana aurkeztu zieten Marian Beitialarrangoitia Alkateari eta Izaskun Txintxurreta eta Usoa Barrutiabengoa zinegotziei. Pozik jaso zituzten hauek umeek egindako ekarpenak, baita azalpenak eman ere.

Arazoen aurrean zer egin
Umeen esanetan, asko dira topatu dituzten arazoak eta hausnarketa egin dute arazo horiei aurre egiteko; horretarako, honakoak proposatu dituzte, besteak beste: arduraz kontsumitu, hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatu. Umeak konpromisoak hartzeko prest azaldu ziren. Era berean, helburu horiekin lotutako proposamenak luzatu zizkieten udal batzarrean udal ordezkariei.

Ikastetxe barrura begira
Beren hausnarketa gune ezberdinen arabera egin dute, eta gune horietako bat ikastetxeak berak izan dira. Horretarako, zer gertatzen da baliabideen kontsumoa eta hondakinekin ikastetxean galdetu diote beren buruari eta diagnosia egin ondoren, hobetzeko hainbat konpromiso hartu dituzte, esate baterako, eskola materiala hobeto zaintzea, edota papera ardura gehiagorekin erabiltzea.

Herri mailako azterketa
Herriaren egoeraren inguruko diagnosia ere egin dute, eta horretarako, besteak beste, jendeari galdezka ibili dira, ikusmiran, eta hainbat bisita ere egin dituzte, baserri batera, azokara, Urnietan dagoen ontziak birziklatzeko plantara eta abar. Ondorio mordoska atera dituzte, lehenengoa, herritarrak ez daudela guztik kontzientziatuak. Konpromiso mordoska hartu zituzten umeek Azterketa ikusita, konpromiso mordoska hartu dituzte ikasleek, besteak beste, honakoak: ahalik eta zabor gutxien sortzea, eskola materiala zaintzea eta kontsumoaren gaiaz hitz egitea etxean. Ikastetxeek ere hartu dituzte beren konpromisoak, paperaren kontsumoari dagokionez, esate baterako.

Proposamenak barra-barra
Proposamen mordoska ere luzatu zituzten: plastikozko poltsa gutxiago erabiltzeko eta poltsa berrerabilgarriak erabiltzeko kanpainak egin; egun seinalatuetan berrerabiltzeko edalontziak jarri, baserritarren eta dendari txikien egoera hobetu, ingurunea zaindu eta edukiontzi gehiago jarri.

Udalaren konpromisoa
Udalak bestalde, hainbat gaien inguruko azalpenak eman zituen, egitasmoak azaldu eta bere konpromisoa azaldu zuen. Era berean, iritzia eta konpromisoa eskatu zien umeei denen artean adostutako egitasmoak aurrera eramateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!