HERNANIK ataunen kontrako finalaurdenetako kanporaketa jokatu zuen atzo kiroldegian, eta jubenil eta nagusi mailako partiduak irabazita, finalerdietarako pasea lortu du. Finalerdietan Azpeitia aurkari gogorra izango du Hernanik aurrean. Finalerdietako aurreneko partidua datorren asteburuan jokatuko da, Hernaniko kiroldegian.
Ataunen kontrako
garaipena
Atzokoan Hernanik ez zuen Herri Arteko Txapelketan aurrera egiteko zailtasun berezirik izan, izan ere, Ataunen, joaneko partiduan, nahiko abantaila lortu zuen. Kadete mailakoa izan zen Hernanik atzo galdu zuen partidu bakarra (12-22). Ataungo Arratibel atzelariak maila bikaina erakutsi zuen eta partiduko jaun eta jabe izan zen. Jubenil mailan, Arrieta eta Lizeagak 22 eta 2 irabazi zuten. Hernaniarrek erakutsi zuten maila hobean dabiltzala eta ez zuten irabazteko arazorik izan. Nagusi mailan, Ojuel eta Gorrotxategik ere 22 eta 16 irabazi zuten. Azpimarratzekoa da azken partidu honetan bi herrietako atzelariek egindako lan bikaina.
Azpeitia arerio zaharra
Hernanik Azpeitia izango du hurrengo arerioa. Kanporaketa gogorra espero dute hernaniarrek, baina badute esperantza aurrera egitekoa. Izan ere, kadete mailako partiduan irabazteko aukerak dituzte, eta bentaja hori aprobetxatzea klabea izango da, jubenil eta nagusi mailako lehia estua espero baita.