Ostiralean hasi zen Txalaparta Festa, Madrilgo txalapartarien emanaldiarekin eta Txalaparta Party Apartarekin. Atzokoan egun haundia izan zuen Txalaparta Festak, Atsegindegin.

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 24a, 02:00

HERNANIKO Txalaparta Festa bazter guztietako txalapartarien erreferente bihurtzen ari da. Dagoeneko 23 urte dira festa antolatzen dela, eta aski ezaguna da Euskal Herriko nahiz Euskal Herriz kanpoko txalapartarien artean. Txalaparta Festa ostiralean hasi zen, Madrilen Txalaparta taldearen Munduko Beat emanaldiarekin. Txalaparta bezalako instrumentu tradizionala oinarri hartuta, kutsu berria eman zioten instrumentuari madrildarrek, elektronika eta kultura ezberdinetako erritmoak nahastu zituzten, Biterira gerturatu zirenen gozamenerako. Gauean ere txalaparta erritmo berriekin uztartu zen, Txalaparta Party Apartan. Bertan, DJ Barru musikagile eta musikajartzaile hernaniarrak jarritako erritmoan txalaparta saio libreak izan ziren.

Atzo jaialdi nagusia
Txalaparta Festak atzo izan zuen egunik haundiena. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera bazter ezberdinetako txalapartariak bildu ziren Atsegindegin, eta giro ederrean elkarren berri izan eta txalaparta nahi adina jotzeko aukera izan zuten, bai saio libreetan eta bai afalondoren izan zen txalaparta jaialdi nagusian. Bestalde, Txalaparta Festaren egitarauaren barruan, Joxe Luis Elexpe Pelexen Hotsez Hots erakusketa ikusteko aukera izan da egun hauetan Biterin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!