Hernanik finalerdietarako pasea bilatuko du bihar Ataunen kontra, ia erabakia dagoen kanporaketan

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 23a, 02:00

HERNANIK ia eskuan du Herri Arteko finalerdietarako pasea. Joan den asteburuan Ataunen jokatu zuen, etxeko taldearen kontra, final laurdenetako joaneko partidua, eta 1-2 irabazi zuten.

Joko ona erakutsi zuten hiru bikoteek
Hernaniko hiru mailetako pelotariek maila ona erakutsi zuten, eta bertara hurbildu ziren zaletuak pozik itzuli ziren etxera. Kadetetan Lujanbio eta Murgiondok ez zuten irabazi, 22-15. Baina kontuan izan behar da aurrean zuten aurkarietako bat kadete mailan egun dagoen pelotaririk onenetakoa dela. Jubeniletan, Arrieta eta Aizpitarte IIak garaipen erraza lortu zuten, 22-2. Partidu honetan Hernaniko pelotariek erakutsi zuten beste maila bat dutela. Azkenik, erabakiorra izan zen seniorretako partiduan, Ojuel eta Gorrotxategik osatutako bikote indartsuak, ez zuen hutsik egin. Gorrotxategi eskuetatik oso ondo ez zebilen arren, partidu ona jokatu zuen: ezker hormara ondo arrimatu zuen pelota. Ojuelek berriz, tantoak ezin hobeto bukatzen asmatu zuen.

Bihar bueltako partiduak kiroldegiko frontoian
Kanporaketako bueltako partiduak bihar jokatuko dira, aratsaleko 16:30etatik aurrera kiroldegiko frontoian. Kanporaketa pasatzeko faboritoak dira hernanirrak, 2-1eko aldea edukitzeaz gain, 29 tantutako aldea ere bai baitute. Hau kontuan izanda, Oiaga entrenatzaileak aldaketa batzuk egingo ditu. Kadeteetan ziurrenik Elorzak jokatuko du Murgiondoren ordez, jubeniletan Lizeagak ordezkatuko du Aizpitarte IIa; eta azkenik, seniorretan, kanporaketa ondo badoa Huizik jokatuko du Gorrotxategiren ordez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!