Ttakunak eta herrenak protagonista gaur Tilosetan

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 23a, 02:00

TTAKUNA eta herrena, beharrezkoak biak txalaparta jotzeko orduan. Bakoitzak bere funtzioa du. Batek, ttakunak, oreka jartzen du, besteak ordea, herrenak, oreka hori hausten du. Bien artean osatzen dute musika, Hernanin gaur disfrutatzeko aukera izango den musika.

Egun haundia gaurkoa
Aurtengoarekin hogeita hiru urte dira Txalaparta Festa egiten dela Hernanin. Gaurkoa Festaren bigarren eguna izango da, egun haundia. Txalaparta festa antolatzen du Hernani Musika Eskola Publikoak eta Ttakun ttan ttakun txalaparta taldeak; Hernaniko Udalaren babesarekin. Festa arratsaldeko 18:00etan hasiko da, eta gauerdira arte luzatuko da. Gaurko eguna, aspaldiko ohiturei jarraituz, txalaparta erromeriarekin irekiko da, Tilosetan. Bertan txalaparta saio libreak egin ahal izango dira, eta inguratzen diren txalapartari guztiek elkarrekin jotzeko aukera izango dute. Momentu berean baita ere, Hernaniko sagardogileen sagardoa dastatzeko aukera izango da. Erromeriaren bueltan, herriko kaleetara zabalduko da giroa. Hernani musika eskolako alboka, dultzaina, trikitixa eta txistu taldeak ibiliko dira kale bueltan.

Afaria eta jaialdi nagusia
Txalaparta doinuak herriko kaleetan zabaldu ostean, txalapartari guztiak Tilosetan elkartuko dira, gaueko 21:00etan, afari eder baten bueltan. Afariaren ondoren Hernaniko Bertso Eskolako bertsolariek kantatuko dute, Txalaparta Jaialdi Nagusiari hasiera emanez. Bertan, Euskal Herri osoko zazpi taldek joko dute, Madrilgo Madrilen Txalaparta taldearekin batera. Madrilgo txalaparta taldea izan zen atzo, aurtengo festa irekitzen arduraduna. Biteri kultur etxean Munduko Beat emanaldi berezia eskaini zuten. Gaurkoan berriz, atzo erakutsitakoaren bertsio labur bat egingo dute. Iñaki Cortes, Cesar Mosquera, Nacho Carmona eta Juan Calderon dira taldeko partaideak. Txalaparta nahasten dute kubatar erritmoarekin eta hango perkusioarekin, festa eta dantzara deitzen duten melodiak eginez. Orain hamaika urte sortutako taldea da, eta orduan Aitor Beltran hernaniarra aritzen zen irakasle lanetan. Madrilgo taldeaz gain, gainontzeko guztiak Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritakoak izango dira. Zuaznabar eta Goikoetxea txalapartari familietako txalapartariak ia urtero izaten dira festan. Hernaniko taldearentzat oinarri den familia da. Euskal Jaietan jotzen klasikoak ziren biak eta egun, Hernanira, haien familiakoek jarraitzen dute etortzen. Asier eta Daniel Gasteizko txalpartarien emanaldia ere izango da, alboka eta akordeoiarekin lagundata. Iparraldeko eta Nafarroako txalapartariak ere izango dira. Bizkaiatik etorriko direnak berriz, berriak dira. Sortu berri den Leioa eta Gallartako Txalaparta Eskoletako txalapartariak izango dira gaur taulagainean. Andoaingo txalapartariek ere, aurten hartuko dute parte aurreneko aldiz txalaparta festan. Txalaparta Jaialdi Nagusian jotzen azkenekoak izango dira Hernani Musika Eskolako Ttakun ttan ttakun txalaparta taldekoak. Hauen aurtengo berezitasuna izango da txalaparta bere hutsean joko dutela; besteetan instrumentuen laguntzarekin jo izan dute. Beraz, ttakunek eta herrenek, herrenek eta ttakunek sortutako doinuak, musika, entzuteko aukera zabala izango dute gaur Tilosetara hurbiltzen direnek (euria egingo balu ekitaldi guztiak Atsegindegin egingo lirateke).

Erakusketa eta merkatua
Txalaparta Festaren bueltan baita ere, Jose Luis Pelexen Hotsez hots, txalaparta gaitzat hartzen duen erakusketa dago ikusgai Biterin. Gaurkoan eguerdian eta arratsaldean izango da ikusteko aukera Bestalde, Txalaparta festa gunean Txalaparta merkatu txikia jarriko dute. Azken urteetan oso harrera ona izan duen merkatua da, eta bertan eskuratu ahal izango dira grabaketak, liburuak, bideoak, DVDak, materiala eta abar.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!