‘Gizon taldea’: «Oraingo honetan emakumea hil ez den arren, heriotza hau ere genero bortizkeria dela ulertzen dugu»

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 23a, 02:00

GIZON taldeak, azken erasoen inguruan, eta batez ere Eduardo Benitezen hilketa dela eta, hainbat gogoeta plazaratu nahi izan ditu prentsa ohar baten bidez. Gizon taldeak Eduardo Benitezen hilketa genero bortizkeritzat jo du, «urtero emakume gehiegi heriotzara eramaten dituen oinarri matxista berberak baititu: emakumea norberarena dela sinistea, neskalagunak harremana uzteko erabakia aintzat ez hartzea, horri erantzuteko edozein jarrera justifikatzea, bera baino gehiago inor ez dela frogatu beharra, eta abar». Bide batez, azkenaldian izandako gertaera larriak gogora ekarri ditu Gizon taldeak, «Irunen hildako emakumea, laguntzera zihoan gizona zauritzea, Hernanin neska gazte batek jasandako eraso sexuala, eta 14 urteko neska bortxatzea Donostian».

Erantzuna koordinatu
Gertakari guzti hauek gaitzetsi ditu Gizon taldeak eta horren aurrean zerbait egin beharra dagoela azpimarratu du: «uste dugu interesgarria litzatekeela gai hauei buruzko herri eztabaida bat abian jartzea. Adibidez, eragileen artean adostutako protokolo bat izan beharko genuke, halako gertaerei elkartuta eta denbora galdu gabe erantzun ahal izateko». Prebentzioa landu Erantzutea nahikoa ez dela ere azpimarratu du Gizon taldeak eta prebentzio lanaren garrantzia nabarmendu du: «beharrezkoa da prebentzio lan bateratu bat diseinatu eta gauzatzea, ikuspegi globala emanez, baina herri mailan txertatuta, jendearen parte hartzearekin». Bukatzeko aipatu dute bide honetan lanean jarraituko dutela eta gizonak gonbidatu dituzte haiekin batean parte hartzera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!