Eduardo Benitezen hilketa eta Alkatearen kontrako epaiketa salatzeko mozioak onartu ziren astearteko Plenoan

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 23a, 02:00

PLENOA izan zen asteartean udaletxean. Bertan mozio ezberdinak aztertu eta onartu ziren. Horien artean, aho batez onartu zen, Eduardo Benitezen heriotza eta eraso sexistak salatzeko mozioa. Adierazpenak dio eraso sexistak sistema patriarkalaren adierazpenik bortitzenak direla, «hasi begirada batetik eta segi norbait hiltzeraino». Bestalde, aipatzen da halako eraso sexistak gutxitan jotzen direla gizarteko arazo kolektibotzat, eta horren aurrean, testuan aipatzen denez, beharrezkoa da egoeraz jabetu eta aldatzeko lan egitea. Lan hori denen konpromisoa dela ere azpimarratzen da. Gizon eta emakumeen arteko harremanak elkartasuna, berdintasuna eta askatasunean oinarritu behar direla ere aipatzen du adierazpenak. Testuinguru honetan, Udalak bere elkartasuna eta babesa adierazi dio Eduardo Benitezen familia eta lagunei, eta egoera zail hau gainditzeko, bere esku dauden baliabideak haien esku jartzeko konpromisoa hartu du. Horrekin batera, eraso sexistak jasan dituztenei elkartasuna adierazi die Udalak. Halako gertaeren aurrean, Tolerantzia Zero aldarrikatu du Udalak, eta bukatzeko, erasoen gainetik, gizon eta emakumeen arteko tratu onen alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du Udalak.

Alkatearen kontrako epaiketa salatzeko mozioak
Bestalde, Marian Beitialarrangoitia Alkatearen kontrako epaiketa salatzeko bi mozio ere onartu ziren plenoan. Aurrenekoa, Gobernu taldeak aurkeztu zuen. Mozioak Gobernu taldearen aldeko botoekin egin zuen aurrera. EB abstenitu egin zen, eta gainerako alderdiek aurka bozkatu zuten, (mozioa maiatzaren 13ko Kronikan argitaratu zen). Alkatearen epaiketa salatzeko bigarren mozio bat ere onartu zen Plenoan. Azken egunetan mozio honen aldeko firmak biltzen aritu dira herrian eta guztira 1.223 firma jaso dira. Mozioak Gobernu taldearen aldeko botoekin egin zuen aurrera. EB abstenitu egin zen eta gainerako alderdiek aurka bozkatu zuten. Mozioan elkatasuna adierazten zaio Alkateari, eta Udalari eskatzen zaio, udal hauteskundeetako emaitzak errespetatzea, aldarrikatzen denez «Marian Beitialarrangoitia baita Hernaniko Alkate zilegi bakarra». Horrekin batera salatzen da «Hernaniko herriaren kontra darabilten lintxamendu mediatiko, politiko eta judiziala. Utz dezatela Hernani bakean». Epaiketa Euskal Herriko gatazka politikoaren barruan kokatzen du mozioak, eta egoera gainditzeko konpromisoa hartzeko eskatzen zaio Udalari, elkarrizketa eta negoziazioa bultzatuta.

Grebaren inguruko adierazpen instituzionala
Osteguneko grebaren aldeko eta aldaketa sozialaren aldeko adierazpen instituzionala ere onartu zen, Gobernu taldearen aldeko botoarekin. EB abstenitu egin zen eta gainerako alderdiek aurka bozkatu zuten.

Udal Euskaltegirako bekak
Udal Euskaltegiarekin zer ikusia duen beste puntu bat ere onartu zen asteartean. Euskara ikasteko bekak hobetzea erabaki du Udalak, eta diru laguntza igotze hori ikasturte honetan aplikatzea erabaki zen plenoan, aho batez.

Herriko zonalde berriak, irisgarritasuna eta badoen ordenantza
Bestalde, herriko bi zonalde berriri izena jartzeko proposamena ere onartu zen, aho batez. Antziola-Iturmendiko eremuari Iturmendi auzoa izena jarriko diote; eta Txantxilan etxeak egingo dituzten eremu horri, Txantxilla auzoa jarriko diote izena. Badoen ordenantza ere, behin betiko onartu zen astearteko Plenoan. Erakusketa publikoan egon ondoren bi alegazio aurkeztu dituzte herritarrek. Alegazioak ez dira onartu. Arau subsidiarioak moldatzeko proposamena ere onartu zen plenoan, Gobernu taldearen eta EBren aldeko botoekin. Gainerako alderdiak abstenitu egin ziren. Arau subsidiarioetan herria hirigintza aldetik nola antolatuko den aurreikusten da, eta proposamen honen bidez, sustatu nahi da etxebizitza blokeetan igogailuak jartzea, etxeetara sartzea errazteko. Bukatzeko, Garoñako zentral nuklearra ixtearen aldeko mozioa onartu zen plenoan. Gobernu taldearen aldeko botoarekin, eta gainerako alderdien abstentzioarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!