Ibon Miner ereñotzuarrak eskuratu ditu Gipuzkoako Kopa eta Erregularitate Txapelketa, baita Bolari Onenaren saria ere

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 20a, 02:00

IBON Miner Ereñotzuko bolariak denboraldi bikaina egin du aurten. Horren seinale da Gipuzkoako Kopako eta Erregularitate Txapelketako aurreneko sariak jaso dituela eta Bolari Onenaren Saria ere berak jaso du. Gipuzkoako Kopa bost tiralditara jokatzen da, azkena joan den igandean izan zen Aian. Azken tiraldian Segurako Jesus Mari Intxaustik irabazi zuen, 51 brila botata, eta Ibon Minerrek 6garren postua eskuratu zuen, 46 brila botata. Tiraldi guztiak, kontuan hartuta sailkapena honakoa izan da: aurrena, Ibon Miner (Ur-mia) 232 brilarekin; bigarrena, Andoni Berastegi (Idiazabal), 230 brilarekin; hirugarrena, Jose Mari Etxebeste (Ategorrieta), 226 brilarekin; eta laugarrena, Jesus Mari Intxausti (Segura), 224 brilarekin.


Erregularitate txapelketa
Erregularitate txapelketako aurreneko postua ere eskuratu du Ibon Minerrek. Erregularitateko sariak denboraldiko tiraldiak kontuan hartuta ematen dir (guztira 17 tiraldi. Aurreneko postua) esan bezala, Ibon Minerrek eskuratu du, 766 brilarekin; bigarrena, Xepeiño Agirrek (Segura), 760 brilarekin; hirugarrena, Jesus Mari Intxaustik (Segura) 746 brilarekin; eta laugarrena Antonio Goenagak (Ategorrieta), 742 brilarekin.


Bolari Onena Saria
Bolari Onenaren saria izan da Ibon Minerrek eskuratu duen hirugarren garaipena. Bolari Onenaren Saria denboraldi guztiko tiraldiak kontutan hartuta ematen da. Aurreneko lau bolariek puntuak jasotzen dituzte eta horren arabera osatzen da sailkapena. Bolari Onena, Ibon Miner izan da, 23 punturekin; bigarrena Xabier Lazkano (Ategorrieta), 15 punturekin; hirugarrena J. Mari Etxebeste (Ategorrieta), 12 punturekin; eta laugarrena, Luis Aizpiolea (Zerain), 10 punturekin.


Larunbatean, Gipuzkoako
Txapelketa

Bestalde, larunbaten jokatuko da Gipuzkoako Txapelketa, Seguran. Guztira 26 bolari sailkatu dira txapelketarako tartean herriko bolari hauek: Ur-miako Ibon Miner eta Antonio Miner; Elur Txoriko Joxe Ugalde; eta C.D. Hernaniko Migel Arrospide.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!