«Gizarteak aldaketa behar du, politika publiko egokiak eginez aberastasuna ongi banatuta»

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 20a, 02:00

GREBA Orokorra deitu dute biharko, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek, eta Hernaniko ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek grebaren arrazoiak azaldu dituzte prentsaurrean. Egungo egoera ekomomikoaren erantzuletzat jo dituzte patronala, banketxeak eta gobernuak, eta salatu dute langileei eskatzen zaiela esfortzua «beraiek irabazi berdinak izan ditzaten». Horrekin batera biharko manifestazioetarako deiak egin dituzte. Hernanin arratsaldeko 18:00etan aterako da manifestazioa, Plazatik. Donostiko manifestaziorako deia ere egin dute, eguerdiko 12:00etan Boulebardetik abiatuta.

Atzerapauso haundia
Sindikatuek azaldu dute azken urteetan izan den bonantza ekonomikoaren aurrean, langileek ez dutela hobekuntza ekonomiko ez sozialik izan, «alderantziz, patronal, banketxe eta gobernu zentral ezberdinen diruzaletasunak, beren poltsikoak bete eta langileon lan eta bizi baldintzak pobretu dituzte». Salatu dute lan baldintza ezberdinak jarri dituztela emakume, gazte eta etorkinentzat; lan kontratuen behin behinekotasuna edo ebentualitatea bultzatu dutela; kaleratzeak merkeagoak izaten ari direla enpresentzat; zenbait kasutan expedienterik aurkeztu gabe, soldatak asko jaitsi dituztela; eta guzti honek orain arte lortu diren lan baldintzetan atzerapauso haundia ekarri duela. Egoera honek langile asko pobreziaren mugan jarri dituela ere salatu dute sindikatuek.

Politika publikoei dagokionean, elkarteen zergak murriztu izana salatu dute: «EAEn dagoen diru publikoaren %86 langileon errentetatik lortu da, hau da, geratzen den %14, kapital, enpresari haundi eta irabazi haundiak dituztenen artean lortu da». Bukatzeko Hernaniko hainbat enpresetako langile batzarrek grebarekin bat egin dutela azaldu dute. Besteak beste: Udala, Kamox, Loire Safe, Ubis, Panifikadora, Garayar autobusak eta Ferroniak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!