EGUN hauetan Biteri kultur etxeko erakusketa gelara gerturatzen dena txalaparta gogora ekartzen duten forma, irudi eta koloreetan murgilduko da, Jose Luis Elexpe Pelex sortzaile usurbildarraren Hots Hots erakusketaren bidez. Erakusketa ostiralean hasiko den Txalaparta Festaren egitarauaren barruan antolatu dute, hasiera ezin egokiagoa bazter guztietako txalapartariak bilduko dituen jaialdirako. Erakusketa, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara ikusi ahal izango da, eta larunbatean ere, egun osoan zehar izango da ikusteko aukera.
Egurra lantzea,
txalaparta jotzea
Jose Luis Elexpe usurbildarrak 2005ean hasi zen proiektu honen bueltan lanean, «mugimendu asko duen zerbait egin nahi nuen, eta hain gurea den txalapartarekin lotuta sortu zitzaidan. Nire egurlantzeak ere, kolpez kolpe, nolabaiteko txalaparta hotsak sortarazten dituztenez, oso erraz uztartu zitzaizkidan. Eta gainera, Usurbilen ditugun txalapartariei, eta haien izenean Jexux Artzeri, omenaldi txiki bat egitea otu zitzaidan, nire lanari osotasuna eman eta borobiltzeko».
Behin gaiari helduta ordu mordoa egin zituen Usurbilen bere estudioan murgilduta, txalapartari buruzko liburuak irakurtzen, dokumentatzen, bozetoak egiten eta lanean. Lan ordu guzti horien emaitza izan dira 200 koadro baino gehiago eta 70 bat eskultura. Lan hauek aurrenekoz, Usurbilen aurkeztu zituen eta aste honetan Biterin daude ikusgai.
Lan guztien artean, azpimarratzekoak dira, baita ere, Mikel Laboaren omenez egindako lanak, azaldutakoaren arabera, bere obran esanahi asko dute Laboaren kantu eta letrek eta bere omenaldia eskaini nahi izan dio.
Harrera bikaina
Hotsez Hots erakusketa joan den astean inauguratu zen Hernanin, eta azaldutakoaren arabera, harrera ona izaten ari da: «kolore aldetik eta estetikoki polita dela esan didate, eta baita txalaparta zer den ondo azaltzen duela».
Aurrerantzean, Tolosa, Ordizia, eta Bartzelonara eramango du erakusketa.
MAIATZAK 22, ostirala:
• ‘Munduko Beat’ emanaldia, Madrilen Txalaparta
taldearen eskutik.
Arratsaldeko 19:30etan, Biterin.
• Txalaparta party aparta. DJ Barru, txalapartariekin. Gaueko 00:00etan,
Atxur pub tabernan.
MAIATZAK 23, larunbata:
• Txalaparta Festa,
arratsaldeko 18:00etatik aurrera Tilosetan: Txalaparta erromeriak, txalaparta saio libreak, sagardo banaketa, Hernaniko Musika Eskolako Alboka, Dutzaina, Trikitixa eta Txistu taldeak kale bueltan.
• Herri afaria, gaueko 21:00etan. Izena emateko: Hernani Musika Eskolan
(943 33 70 50). Prezioa: 20 euro.
• Txalaparta Jaialdi Nagusia,(Afalondoren). Hernaniko Bertso Eskolako bertsolariak, Zuaznabar eta Goikoetxea txalapartari familietako txalapartariak, Gasteizko Asier eta Daniel txalapartariak alboka eta dultzainaz lagunduta, Iparraldeko txalapartariak, Nafarroako txalapartariak, Leioa eta Gallartako Txalaparta Eskolako txalapartariak, Andoaingo Txalaparta Eskolako txalapartariak eta Hernaniko Musika Eskolako Ttakun ttan ttakun txalaparta taldea.
Oharra: Txalaparta merkatu txikia irekita egongo da larunbatean zehar. (Euria egingo balu Atsegindegin egingo
litzateke jaialdia).