«Madrileko esku hartze onek Hernanin segida izan behar du bere helburuak beteko baditu»

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 19a, 02:00

OSTEGUNEKO Marian Beitialarrangoitia Alkatearen kontrako epaiketa dela eta gobernu taldea osatzen duten gainerako 7 zinegotziek prentsaurrekoa eman zuten atzo Alkateari babesa adierazi eta hainbat hausnarketa plazaratzeko. Euskal Herrian gertatzen ari den eskubide urraketa oso larritzat jo zuten zinegotziek, «besteak beste, Alderdien Legea baliatuz herri honen sektore garrantzitsu batek jasandako bazterketa eta bozkatzeko eta bozkatua izateko eskubidea zibilaren urraketa». Ahalegin hauek berriak ez direla aipatu zuten: «Hernanin, Ajuria Enea paktuaren eskutik osatutakoa, aukera bozkatuena zen ezker abertzalearen kontrako gobernu horietatik hasi; Alderdien legeari esker udaletik kanpo utzitako Bildu Hernaniko hautagaitzatik segi (nahiz bide legalak izan oker hori zuzentzeko, betiere borondate politikoa izanda noski); eta azken bi urte hauetan ezagututako mozio etiko delako horiek edo lege aldaketa saiaketetan bukatzeko».

Helburu garbia Gobernu taldeko zinegotziek salatu dute helburua garbia dela: «lehendabizi Marian bere kargutik bota, eta ondoren, bera ordezkatzeko debekua eman, zortzi zinegotzi zuen taldea, zazpian uztea». Aipatu zutenez, Madrileko esku hartze honek Hernanin segida izan behar du bere helburuak beteko baditu: «joera demokratikoak gailenduko diren zalantzak ditugu, batipat, maiatzaren 11ko Giza-Eskubide batzordean ikusitako jarrerak ikusita. Eztabaidaren mamia izan zen ia oposizioko taldeek Udal hauteskundeetako emaitzetan oinarritutako udaletxe osaketa errespetatuko zuketen eta konpromiso hori eskatzen zuten idatziari ezezkoa eman zioten EA, EAJ, EB eta PPko ordezkariek. PSOEko ordezkariak batzordera ez etortzea erabaki zuen».

Argi itzalketa
Bestalde, prentsaurrekoan, dei egin zieten herritarrei Udalak bihar egingo duen argi itzalketarekin bat egiteko. Udaletxeko argiak itzali egingo dituzte 22:00etatik 22:15etara eta gonbitea luzatu zuten norberak etxean gauza bera egiteko. Ostegunean Hernanin eta Madrilen Alkatearekin bat egiteko deia ere egin zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!