Txalaparta erakustaldiak, bertsolariak eta trikitixa asteburuan izango den Txalaparta Festan

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 18a, 02:00

HOGEITA hirugarren Txalaparta Festa izango da asteburu honetan, eta urtero bezala ekitaldiz gainezka dator. Festa ostiral arratsaldean hasiko da, 19:30etan, emanaldi berezi batekin. Aurtengo edizioa irekitzen arduraduna Madrilgo txalaparta taldea izango da, Munduko Beat izeneko emanaldiarekin. Ostiraleko eguna DJ Barruren txa-laparta doinuekin amaituko da. Atxur tabernan izango da, gaueko 00:00etatik aurrera.

Larunbatean egun haundia
Egun haundia larunbatean izango da. 18:00etan hasiko da festa Tilosetan eta herrian barrena. Musika Eskolako Albokajoleak, Dultzaineroak, trikitixa eta txistulariek festa giroa jarriko dute Tilosetan eta Kaxkoko gune ezberdinetan. Tilosetan baita ere, txalaparta erromeria izango da. Aspaldiko ohitura da hau Hernanin eta bertan txalaparta saio libreak egiteko aukera izango da, ohiko bikoteekin edo beste batzuekin. Txalaparta nahiko astindu ondoren, herri afaria izango da 21:00etan, eta segidan hasiko da Txalaparta Festako saio nagusia bertsolari eta txalaparta saioekin. Aurtengo parte hartzaileak honakoak: Zuaznabar eta Goikoetxea txalapartari familietako txalapartariak, Asier eta Daniel Gasteizko txalapartariak, Iparraldeko txalapartariak, Nafarroakoak, Leioa eta Gallartako txalapartariak, Andoaingo txalapartariak eta Hernaniko Ttakun ttan ttakun txalaparta taldea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!