Kultur gune zabala izango den proiektua ari da mamitzen herritar talde bat

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 17a, 02:00

kulturolak 2006an ekin zion lanari. Abiapuntua zuten euskeraren erabilerak eragiten zien kezka eta euskal kultura bultzatu nahia. Hala, antzeko kezkak bai, baina oso ezaugarri ezberdinak dituen jendeak hartu du parte Kulturolan: adinari dagokionez, orain arte egindako bidearengatik eta abar. Helburua honakoa dute: kultura eta euskera ardatz izango dituen gunea sortzea, zentzu zabalean herriko behar eta nahiak asetuko dituena.

Herritarren parte hartzea
Proiektua fintzeko garaian, konturatu ziren, prozesua bera eta jendearen parte hartzea garrantzitsua eta ezinbestekoa izango zela, eta herriko eragileengana jo zuten. Hiru urte eman dituzte herriko taldeekin, euskeraren, hezkuntzaren eta kulturaren inguruko eragileekin, bakoitzaren beharrak, nahiak eta iritziak ezagutzen. Udalarekin ere egon dira, proiektuaren berri ematen, bai Udal Gobernuarekin, bai alderdi politikoekin.

Proiektua ez da azpiegitura hutsa
Kulturolako kideek argi utzi nahi izan dute proiektua ez dela izango azpiegitura hutsa, alegia, kultur ekitaldiak eskaintzeko egoitza bat besterik. Beren ustez, hiru ezaugarri bete behar ditu eskuartean duten proiektuak: egoitza behar du, hezitzeko balio behar du, eta euskerarentzat erreferentea izan behar du.

Egoitza
Batetik, espazio fisiko bat behar du, egoitza alegia. Eta espazio fisiko horrek funtzio bat baino gehiago izango ditu: «fabrika funtzioa» batetik, herrian lanean ari diren taldeentzat modu duinean lan egiteko lekua eskainiko duena; «eskola funtzioa» bestetik, tailerrak, ikastaroak eta abar antolatzeko; «erakustoki funtzioa» azkenik, herrian egindakoa erakusteko eta euskarazko produkzioa herrira ekartzeko.

Hezitzeko gunea
Gunea ez da erakustoki hutsa izango, aukera emango baitu, besteak beste, tailerrak, ikastaroak eta hitzaldiak antolatzeko, eta disziplina askorentzako leku izan nahi du. Horrez gain, beste esparru batzuetan ere heziketa ardatz izango da: kultur gunea osatzeko prozesuan bertan; erabakiak hartzeko moduan; gunea kudeatzeko moduan eta abar, «gune parte hartzailea izan behar du, bizia, bertan parte hartzen dutenek kudeatua».

Euskera erreferente
Kontuan izanda, euskeraren erabilera areagotzea izan zela egitasmoaren hasierako kezketako bat, helburua da gunea euskerarentzat erreferente izatea, «euskerari prestigioa emango dion espazioa eta erabileran eragingo duena». Hala ere, kultur guneak kulturen arteko topaleku izateko helburua ere badu, kontuan izanda, herrian dagoen kultur aniztasuna gero eta haundiagoa dela.

Azpiegitura eta kultur arloko premiak asetzeko aukera
Udalak bere aldetik, bi prozesu parte hartzaile ireki ditu, bata herrian dauden azpiegitura beharrei begirakoa, eta bestea, kultur arloko premiei eta nahiei begirakoa. Kulturolak uste du beren proiektua «bete-betean» sartzen dela bi eremu horietan, beraz, «une erabakigarria» iruditu zaie hau egitasmoak aurrera egiteko, eta «proiektu sendo bat aurkezteko, hurrengo hamarkadetan erreferentzia izango dena».

Hurrengo pausoa
Kulturolak uste du une garrantzitsua dela, eta dei egin die herriko taldeei elkarrekin lan egiteko, Udalak abian jarri dituen foroetan, eta «norabide berean jo, bakoitzak bere premiei uko egin gabe, baina denontzat ahalik eta onuragarriena izango den proiektuaren bila». Kulturolak uste du, taldeek eta Udalak bat etorriz gero, proiektu bat egin dezaketela, «hurrengo hamarkadetarako herriko kultur bizitzarentzat eta euskerarentzat erreferente izan daitekeena».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!